Gizartea -
Uraldia
Uholdeen larrialdi plana bertan behera utzi du Nafarroako Gobernuak
Ebro ibaiaren emari handiena Tuteratik pasa da dagoeneko, uholderik eta aparteko arazorik sortu gabe. Horregatik, hartu du erabakia Foru Exekutiboak.
Agentzia | Erredakzioa
Uholde arriskuagatik larrialdi plan berezia bertan behera utzi du Nafarroako Gobernuak, uraldiak ez baitu aparteko arazorik sortu Tuteran eta Erriberan.
Ebro ibaiaren emari handiena Tuteratik pasa da dagoeneko, uholderik eta aparteko arazorik sortu gabe, estolda sarean filtrazioren bat baino ez. Honezkero, uhaldia Zaragozako mugara iritsi da. Horregatik, hartu du erabakia Foru Exekutiboak.
Plan berezia iragan ostiralean jarri zuten martxan, ibaiek Foru Erkidegoko zenbait tokitan gainezka egin ondoren. Nafarroako iparraldean euria erruz egin zuen, eta prezipitazioak uholdeak eragin zituen.
Aholkularien eta zerbitzuen txostenak aztertu ondoren, Javier Remirez presidenteordeak plan berezia bertan behera uztea erabaki du igande honetan. Egoera normaltasunera itzuli eta egitasmoa martxan jartzeko arrazoiak desagertu direla egiaztatu dute arduradunek.
Azken orduetan, Nafarroako Babes Zibilak eta Tuterako Udalak elkarlanean martxan jarritako neurri prebentiboei esker kalte materialak saihestu dituzte Erriberako hiriburuan. Estolda sareko filtrazioak desagertu dira dagoeneko, ibaiaren emariak behera egin baitu.
Uholde arriskua duten zonaldetan aparkaturik zeuden ibilgailuak uraldia heldu baino lehen kendu zituzten. Bestalde, Queiles ibaitik Ebrora ura ponpatu zuten, ura hiriko parte zaharrean sartzea eragotziz.
Bi ibaien artean konporta flotatzaileen sistema bat jarri zuten; Ebron uraldia gertatzen denean, Queiles ibaiadarrak gainezka egitea eragozteko, baina uhateek bokalea ixten dute, eta horrek Queilesen emaria areagotzen du.
Horregatik, suhiltzaileek bi motoponpa jarri zituzten; 04:00ak arte martxan egon dira, ura Ebrora isurtzen. Horrela, urak ez du Tuterako hirigune historikoan arazorik sortu.
Ebroren uraldiak zuhaitzen bat behera bota du Noria pasealekuan. Suhiltzaileek eta Udaleko langileek kendu dituzte. Ibaian behera, urak laborantza lursail lauak eta bideak hartu ditu, baina errepiderik ez dute itxi izan behar.
Ordu honetan ez dago errepiderik itxita Foru Erkidegoan. Hala ere, zirkulazioa desbideratzen ari dira, NA-170 errepidearen eta Leitzarango Autobiaren (A-15) arteko loturan luiziengatik, eta NA-4150ean (Leitza-Goizueta-Hernani) errepidea hondoratu delako.