Gizartea -
Emakume trafikoa
15 pertsona atxilotu dituzte prostituzioaren aurkako operazio batean, Barakaldon
Gainera, sarearen biktima ziren 12 emakume askatu dituzte. Agenteek dozena erdi etxebizitza miatu dituzte.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Guardia Zibilak, Italiako Poliziarekin elkarlanean, sexu-esplotaziorako gizakien salerosketan aritzen zen talde kriminal bat desegin du, 12 emakume askatzea eta 15 pertsona atxilotzea eragin duen operazio batean, Barakaldon (Bizkaia) eta Erroman kokatutako sei etxebizitzatan egindako miaketetan.
Guardia Zibilak astearte honetan jakitera eman duenez, taldeko burua Bizkaiko udalerrian bizi zen, eta bertatik zuzentzen zituen jarduerak.
Datozen orduetan atxiloketa gehiago egitea aurreikusi dute, gizakien salerosketa, prostituzioaren trafikoa, legearen aurkako immigrazioa eta talde kriminala leporatuta.
Agenteek dozena erdi etxebizitza miatu dituzte dagoeneko. Horietako batzuetan, antza denez, prostituzioa egiten zen.
Askatutako biktima gehienak hegoamerikarrak dira.
Behin Europan, Barakaldon eta Erroman kokatutako pisu ezberdinetan banatzen zituzten, non gaizkileen kontrolpean sexualki esplotatzen zituzten. Emakume horiek pisuen eta hirien artean lekualdatzen zituzten denbora gutxian, haien gaineko kontrola ezartzeko asmoz.
Azken bi urteetan, gaizkile talde horren kontrolpetik pasatu diren 30 emakume baino gehiago zenbatu ditu Guardia Zibilak.
Barakaldon ez ezik, Erroman ere egiten ari dira operazioa Segurtasun Indarrak, baina oraingoz ez dago argi atxiloketarik egin ote duten Italiako hiriburuan. Operazioa zabalik dago oraindik.