Gizartea -

Gabonetako Loteria

Bigarren saria, 10.989, Estatuko zortzi probintziatan egokitu da

Madril, Badajoz, Bartzelona, Caceres, Lleida, Lugo, Malaga eta Pontevedran utzi du dirua.

10.989 zenbakiari egokitu zaio Gabonetako Loteriaren bigarren saria. Argazkia: EFE
10.989 zenbakiari egokitu zaio Gabonetako Loteriaren bigarren saria. Argazkia: EFE
10.989 zenbakiari egokitu zaio Gabonetako Loteriaren bigarren saria. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

10.989 zenbakiari egokitu zaio 2019ko Gabonetako Loteriaren Ezohiko Zozketaren bigarren saria. Serie bakoitzak 1.250.000 euroko saria jaso du; hortaz, dezimo bat duenak 125.000 euro lortuko ditu.

Madril, Badajoz, Bartzelona, Caceres, Lleida, Lugo, Malaga eta Pontevedran utzi du dirua.

Batez ere, Madrileko (Felix Boix, 4) 31. saltokiak banatu du; izan ere, 102 serie saldu ditu; Fuentes del Maestren (Badajoz) 30 serie saldu dira eta San Lorenzo del Escorialen (Madril) beste horrenbeste. Gainera, Madrileko Doña Manolita administrazio ospetsuak bigarren sari honetako bi serie banatu ditu,  baita sari potoloko serie bakarra ere.

Zenbakia 11:31 aldera kantatu dute seigarren taulako lehen burdin harian. Nerea Pareja Martinezek eta Luis Alcides Paniaguak abestu dituzte zenbakia eta saria, eta Judith Garcia Benitezek eta Carlos Luis Rondalek bolak atera dituzte.

Guztira, 2.380 milioi euro banatu dituzte saritan. Sari nagusia lortu dutenek 400.000 euro jasoko dituzte dezimo bakoitzeko. Bigarren sariak, berriz, 125.000 euro banatu ditu dezimoko, eta hirugarrenak 50.000 euro dezimoko. Bi laugarren sari egon dira jokoan (20.000 euro dezimo bakoitzeko) eta bosgarren sariak zortzi izan dira (6.000 euro dezimoko). Bestalde, 1.794 zenbakik dezimoko 100 euroko saria jaso dute.

Eguberrietako Loteriaren berrikuntzetako bat da aurten igo egin dela lortutako sariengatik zergak ordaintzetik salbuetsitako kopurua, 10.000 eurotik 20.000 eurora arte, hain zuzen ere. Horrek mesede egingo die kopuru hori baino gutxiago irabazten dutenei. Kopuru horretatik aurrera, % 20ko atxikipena aplikatzen da.

Espainiako Ogasun Ministerioak 175 milioi euro bilduko ditu aurten sariei esker, iaz baino 13,6 milioi gutxiago, salbuetsitako gutxienekoa 20.000 eurora igo delako. Horrela, diru-kutxa publikoentzako "gabonsaria" % 7,2 txikiagoa izango da.

Gabonetako Loteriaren zozketaren salmentak 156.236.560 eurokoak izan dira Euskadin, iaz baino % 3,12 gehiago. Batez beste, euskal herritar bakoitzak 71,05 euro jokatu ditu loterian, Estatuko batez bestekoaren gainetik (62,20 euro). Espainian, Gabonetako zozketarako salmentak 2.900 milioi eurotik gorakoak izan dira, hau da, 2018koak baino % 3,09 gehiago.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gabonetako loteria Bilbo Iruñea Bizkaia Nafarroa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Espainia Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Loteria