Gizartea -

Iruzurra

Gizon bat atxilotu dute Lizarrako emakume bati 18.500 euroko iruzurra egiteagatik

Bikotea bilatzeko aplikazio batean ezagutu ostean, emakumeak dirua aurreratu zion 29 urteko gizonari. Atxilotuak antzeko iruzurrengatik aurrekari polizialak ditu.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Foruzaingoak Ejea de los Caballos (Zaragoza) herriko 29 urteko gizon bat atxilotu du, iruzur delitu bat egotzita. 18.500 euro eskuratu zituen Lizarrako emakume bat engainatu ostean. Foruzaingoa beste hiru pertsona ikertzen ari da.

Poliziak azaldu duenez, 47 urteko emakume batek salaketa jarri zuen Lizarrako polizia-etxean. Emakumearen esanetan, bikotea bilatzeko aplikazio baten bidez ezagutu zuen gizon batek egin zion iruzurra.

Egoera ekonomiko txarrean zegoela argudiatuta, gizonak hainbat gauzatarako (kotxe bat erosteko, bidaietarako, alokairurako…) laguntza eskatu, eta emakumeak dirua aurreratu zion, iruzurra jasaten egon zitekeela konturatu zen arte.

Bankuko mugimenduak eta transferentziak aztertuta, guztira 18.500 euroko iruzurra egin ziola egiaztatu zuten ikerketaz arduratu ziren foruzainek.

Gauzak horrela, ustezko iruzurgilea deklaratzera deitu zuten. Orduan jabetu ziren nortasun faltsua eman zuela eta antzeko iruzurrengatik aurrekari polizial gehiago zituela.

Poliziaren ustez, iruzurra aurrera eramateko, familiako hiru kideren laguntza izan zuen; beraz, horiek ere deklaratzera deitu zituen. Antza denez, dirua jasotzeko kontuak ematea zen haien eginkizuna.

Epaiketa Lizarrako auzitegian egin zuten, eta biktimak 5.000 euro inguru berreskuratu ditu jada. Gainerakoa hilabeteroko ordainketen bitartez itzuliko zaio.   

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Nafarroa Iruzurrak argazkiak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Lizarra azken ordukoa Foruzaingoa Aplikazioen albisteak