Gizartea -
Lan Eskaintza Publikoa
Arabako Foru Aldundiak lan-eskaintza publikoa deituko du urtero
Jubilazioek utzitako hutsuneak betetzeko eta behin-behinekotasun tasa murrizkeko deituko dituzte lan-eskaintza publikoak urtero. Lehen adiz, adimen desgaitasuna dutenentzat lan-eskaintza egingo dute.
Agentziak | Erredakzioa
Arabako Foru Aldundiak lan-eskaintza publikoak deituko ditu urtero, "erretiroei aurre egiteko eta egungo behin-behinekotasun tasa murrizteko".
Hala iragarri du ostegun honetan Cristina Gonzalez Enplegu, Merkataritza, Turismo eta Foru Administrazioko diputatuak hedabideen aurrean. 2020-2021 urterako aurreikusitako lan-eskaintzak 57 lanpostu eskainiko dituela jakinarazi du, goi-mailako eta erdi-mailako tituludunentzat (A1 eta A2), eta 17 lanpostu C1 eta C2 taldeentzat.
Datozen urteotan izango den jubilazio oldeari aurre egiteko plana diseinatu du Aldundiak; izan ere, aurreko legealdian langileen % 20 inguru erretiratu zen, 175 erretiro guztira, eta joera hori datozen urteetan ere mantenduko dela aurreikusten da.
Arabako Foru Aldundian behin-behinekotasun tasa % 40koa dela esan du Gonzalezek.
Datorren urterako deialdi berriak ekonomia- eta enpresa-tituludunen 14 lanpostu eskaintzen ditu, zuzenbideko tituludunen 11, hizkuntza-normalizazioko teknikarien 3, lankidetzako teknikarien 2, administrazio orokorreko erdi-mailako teknikarien 10, baso-zaintzako 12 eta gidariko 5.
53 lanpostu sarbide libreko sistemaren bidez esleituko dira, 4 barne-sustapenekoak izango dira, eta 3 desgaitasuna duten pertsonentzat erreserbatuko dira. Lan-eskaintza publikoa datorren urteko lehen seihilekoan onartuko da, hautaketa-prozesua 2020ko bigarren erdian eta 2021eko lehen zatian garatzeko.
Adolfo Lander Funtzio Publikoko zuzendariak lehen aldiz Aldundian "dibertsitate funtzionala duten pertsonentzako eskaintza berezi bat" deituko dela jakinarazi du.