Gizartea -

Trafiko istripua

Motor-gidari bat larri zauritu zen istripuaren lekuko bila dabil Bilboko Udaltzaingoa

Rodriguez Arias eta Iparraguirre elkargunean jazo zen istripua, larunbat goizaldean. 38 urteko motor-gidariak larri jarraitzen du, ospitalean.

Talka gertatu den tokia, Bilbon. EiTbko bideo batetik ateratako irudia.
Talka gertatu den tokia, Bilbon. EiTbko bideo batetik ateratako irudia.
Talka gertatu den tokia, Bilbon. EiTbko bideo batetik ateratako irudia.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Larunbat goizaldean motor-gidari baten eta Bilboko Udaltzaingoaren patruila baten artean izandako istripua argitzeko lekuko bila jarraitzen du Udaltzaingoak. 38 urteko motor-gidariak larri jarraitzen du, ospitalean.

Istripua 04:50 aldera jazo zen, Rodriguez Arias eta Iparragirre kaleen arteko elkargunean, Suzuki motor baten eta Renault Scenic ibilgailu baten artean.

Azken hori Bilboko Udaltzaingoko autoa zen, argiak eta soinu-seinaleak piztuta zituen, eta Moma diskotekaren atarian sortutako errieta batean esku hartzera zihoan, abiadura handian.

Iparragirre kaleko bidegurutzean kolpea izan zuen motorrarekin. Motorrak autoaren ezkerreko aldearen kontra jo zuen, eta 38 urteko motor-gidaria, sestaoarra, larri eraman zuten Gurutzetako Ospitalera.

Ezbeharraren nondik norakoak argitzeko lekukoak eskatu ditu Bilboko Udlatzaingoak. Horri buruzko daturen bat dutenek harremanetan jar daitezke Udaltzaingoko Argiketa Sailarekin 944205040 telefonora deituz edo atestados-trafico.ssc@bilbao.eus helbide elektronikoaren bitartez.

Bilboko Udaleko iturriek jakitera eman dutenez, motorzalearen familiari babesa eta elkartasuna adierazi dizkiote Juan Maria Aburto Bilboko alkateak, Amaia Arregi Bilboko Udaleko Segurtasun zinegotziak eta Bilboko Udaltzaingoko arduradunek.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafiko Istripuak Trafikoa Bilbo Bizkaia Gizartea Trafikoko telefonoak Trafiko webkamerak Eguneko albisteak Albisteak Errepideko istripuen biktimak