Gizartea -
Gipuzkoa
Autopsiak ez du indarkeria-zantzurik atzeman Arrasaten hilda topatutako bi gazteengan
Heriotzak zergatik gertatu diren ari dira ikertzen. Baliteke intoxikazioa jasan izana, motorra piztuta baitzuen autoak.
Agentziak | erredakzioa
Asteazkenean Arrasateko (Gipuzkoa) Institutuaren ondoan aparkatuta zegoen auto baten barruan hilda topatu zituzten bi gazteen gorpuek ez dute indarkeria-zantzurik, ostegun honetan egin dieten autopsiak baieztatu duenez, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eitb.eus-i jakinarazi dionez.
Ertzaintzak datu hori baieztatu egin du, baina ez du bestelako informaziorik eman 29 urteko emakumearen eta 25 urteko gizonaren heriotzaren arrazoi zuzenen gainean (biak Arrasatekoak ziren). Poliziak ikerketa du abian, argitzeko heriotza karbono monoxidoak eragindako intoxikazio batengatik gertatu ote zen, ala beste arrazoi batengatik; autoak motorra abian zuela kontuan izanik, baliteke intoxikazioa izatea.
EFEri emakumearen inguruko iturriek jakinarazi diotenez, bi gazteak lagunak ziren, eta Gabon zaharrean Arrasateko erdiguneko taberna-gunean ibili omen ziren, beste gazte batzuekin. Horren ostean, gizonak autoz eraman zuen emakumea etxera, biak bizi baitziren auzo berean.
Emakumearen aldeko hileta ostegun arratsalde honetan egingo dute, Arrasaten, San Joan Batista elizan; zendutako gizonaren aldeko gaubeila, aldiz, ostiralean zabalduko dute, bertako beilatokian.
Abisua, 11:15 aldera
Ertzaintzak 11:15 aldera jaso zuen abisua, herriko Institutuaren inguruan, Santa Teresa kalean, aparkatuta zegoen auto baten barruan bi pertsona konorterik gabe zeudela esanez. Larrialdi-zerbitzuak berehala bertaratu ziren, eta hilda zeudela baieztatu baino ezin izan zuten egin.