Gizartea -
Indarkeria matxista
Gizon batek emakume bat hil du Puertollanon (Ciudad Real)
Biktimaren gorpuak hainbat tiro zituen, eta bikotekidearen ondoan topatu zuten atzo. Aurtengo bigarren hilketa matxista da.
Agentziak | Erredakzioa
Gizon batek emakume bat hil du Puertollanon (Ciudad Real), Espainiako Gobernuak Gaztela-Mantxan duen Ordezkaritzak baieztatu duenez. Aurtengo bigarren hilketa matxista da honakoa.
Biktimaren gorpua igandean topatu zuten Puertollanoko etxebizitza batean, hainbat tiro zituela, eta haren ondoan, ustezko hiltzailearen hilotza zegoen. Lehen hipotesien arabera, gizonak emakumea hil zuen, eta bere buruaz beste egin zuen gero. Gizonezkoa desagertuta zegoelakoan, salaketa jarri zuen senitarteko batek, eta horren ostean aurkitu zituzten biak.
Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak bildutako hainbat testigantzaren arabera, gutxienez bi tiro entzun zituzten bizilagunek ostegunetik ostiralerako gauean.
Iturrien arabera, emakumeak ez zuen gizonaren kontrako salaketarik aurkeztu. Gizona bananduta zegoen, eta aurreko bikotekideak ere ez zuen salatu.
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta/edo deitu doako telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Lehenak arrastoa uzten du fakturan eta telefonoan; bigarrenak, telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.