Gizartea -
Nafarroan
Gizon bat atxilotu dute zaintza-dispositiboa kendu eta urruntze-agindua urratzeagatik
Gertakaria Erriberako herri batean jazo da. Gizonak bikotekide ohiaren aurkako kautelazko urruntze-agindua zuen, eta urratu egin du.
Agentziak | Erredakzioa
Foruzaingoak 30 urteko gizonezko bat atxilotu du kautelazko neurria urratzea egotzita; izan ere, epailearen aginduz, bere bikotekide ohiarekiko urruntze-agindua zuen, eta bere kokapenaren berri ematen zuen gailua kendu du.
Gertakaria Erriberako herri batean gertatu da orain gutxi, patruila bat atxilotuak esleituta zuen zaintza-dispositiboa egiaztatzera bertaratu ondoren, bi ordu baino gehiago baitzeramatzan konexiorik gabe. Genero indarkeriarekin lotutako urruntze neurriak dituzten pertsonak aurkitzeko mekanismoa da gailu hori.
Agenteak biktimaren etxera heldu zirenean, atxilotua haren etxebizitza barruan zegoela ikusi zuten, urruntze-agindua indarrean zuen arren.
Atxilotutako gazteak agenteei adierazi dienez, metalezko zerra batekin kendu zuen gailua, eta alboko baxera batetik salto eginez sartu zen etxera, bezperan etxeko giltzak konfiskatu baitzizkioten.
Hori guztia dela eta, kautelazko neurria urratzea egotzita atxilotu zuten, eta polizia-etxera eraman zuten, atestatua egin eta agintaritza judizialaren esku uzteko.