Gizartea -

ALOKAIRUAREN ALDE

Eusko Jaurlaritzak 695 etxebizitza eraikiko ditu Araban, alokairurako

Alokairuen gaur egungo prezioak "hoztu" nahi ditu Etxebizitza Departamentuak, prezioa altuak jartzen dituztenak fiskalki penalizatuz eta errenta txukuna jartzen dutenak sarituz.

Babes ofizialeko etxebizitza batzuen artxiboko irudia, Gasteizen.
Babes ofizialeko etxebizitza batzuen artxiboko irudia, Gasteizen.
Babes ofizialeko etxebizitza batzuen artxiboko irudia, Gasteizen.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Antolaketa eta Etxebizitza sailburuak datozen urteetan Araban, alokairurako, 695 etxebizitza eraikiko dituztela iragarri du gaur Arabako PSEk etxebizitza politikei buruz antolatutako jardunaldi batean egindako hitzaldian. Horietako 585 Gasteizen egingo dituzte.

Sailburuak adierazi du alokairuzko parke "indartsu" bat behar dela herritarren egoera hobetzeko, oro har; eta zehazki, "zailtasunik gehien dutenei etxebizitza izatea errazteko", gazteak kasu.

Azken bi urteetan 2.000 etxebizitza barneratu ditu Etxebizitza Departamenduak erregimen honetara, eta guztira, 14.000 etxe baino gehiagoko parkea du. Bere interbentzioan, Arriolak gogoratu du aurtendik aurrera, gainera, Departamentuak eraikitzen dituen etxebizitzen %100 alokairu sozialekoak edo alojamendu dotazionalak izango direla.

Arriolak onartu du azken urteotan "gehiegizko igoera" izan dutela alokairuko prezioek eta Gobernuak merkatuan eragin nahi duela adierazi du. Zentzu honetan, gogoratu du Araban Etxebiden izena emandakoen %92,8k alokairua eskatu dutela.

Ondorengo proiektuen berri eman du: Lakuabizkarran 92 alojamendu dotazional eraikitzeko lizitazioa aterako da datozen hilabeteetan, Visesa alokairuzko 152 etxebizitza eraikitzen hasiko da datorren urtean Salburua-Arcayatan eta hurrengo urtean beste 152 eraikiko dituzte zonalde berean.

Visesak, gainera, alokairu sozialeko 189 pisutako beste promozio bat jarriko du abian Salburuan, lurra eskuratu bezain pronto, eta irailean 41 etxebizitza sozial eraikitzeari ekingo diote Amurrion. 2022an beste 69 eraikiko dituzte bertan.

Gainera, Bizigune programari "bultzada" bat ematen saiatzen ari direla ere esan du, hutsik dauden merkatuko etxebizitzak lortu eta Alokabide zerbitzuaren bitartez, alokairura ateratzeko.

Alokairuko prezioa "hoztu"

Arriolak jakitera eman duenez, Euskadin 666 euro/hileko errenta ordaintzen da, batez beste, alokairuagatik, hilean. Hiriburuka begiratuz gero, datuak ezberdinak dira: Donostian 859 euro, Bilbon 724 eta Gasteizn 617.

Prezio horien analisiaren ostean, Etxebizitza Departamentuak ekimen berria jarriko du martxan, alokairuen prezioak "hozteko". Horretarako fiskalitate berezia aplikatuko die prezioa altua jartzen duten etxe-jabeei, penalizatuz; eta aldiz,  saritu egingo dituzte prezio onargarriak jartzen dituztenak.

Formula hau IRPF edo Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren eta IBIa bezalako zergetan aplikatuko da. Proposamena bidali dute jada diputazioetara, sistema fiskala berrikustean, aztertu dezaten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Amurrio Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Etxebizitza Salburuari buruzko albisteak