Gizartea -

EMAKUMEEN KONTRAKO INDARKERIA

Esquadra mosso batek bikotekide ohia hil du tiroz Terrassan

Emakumea hil ondoren, bere buruaz beste egin du gizonak. Lanerako erabiltzen zuen arma erabili du hilketan. Terrasako aparkaleku batean aurkitu dituzte bi gorpuak.

Terrasa, gaur. Argazkia: EiTBko bideo batetik hartutako irudia.
Terrasa, gaur. Argazkia: EiTBko bideo batetik hartutako irudia.
Terrasa, gaur. Argazkia: EiTBko bideo batetik hartutako irudia.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Esquadra Mossoetako gizonezko agente batek bere bikotekide ohia hil zuen atzo tiroz Terrasan (Bartzelona), eta ondoren bere buruaz beste egin zuen. Lehen ikerketen arabera, laneko arma erabili zuen hilketan.

21:30ean izan zen erasoa, eta Terrasako aparkaleku batean aurkitu zituzten gorpuak.

Twitter bidez, Esquadra Mossoek "samina" adierazi dute, eta "indarkeria matxista desagerrarazteko lanean" jarraitzeko konpromisoa agertu dute.

Urtea hasi zenetik, Estatu espainiarrean emakumeen kontrako indarkeriaren ondorioz hil den hirugarren emakumea da honakoa. Matxismoak utzitako hildakoak zenbatzen hasi zirenetik, 2003tik, berriz, 1.036 emakume hil dituzte euren bikotekideek edo bikotekide ohiek.

Hiru dolu egun

Terrasako Udalak deituta, hilketa gaitzesteko elkarretaratzea egin dute eguerdian herri horretan, eta ehunka pertsona batu dira. 'Ez naiz zure jabetzakoa, feminizidiorik ez' goiburupean, minutu bateko isilunea egin dute, biktima gogoratzeko.

Besteak beste, Jordi Ballart Terrasako alkateak hartu du parte bilkuran eta berak irakurri du Udaleko Bozeramaileen Batzordeak adostutako gaitzespen agiria. Indarkeria matxistaren aurka lanean jarraituko dutela adierazi dute udal ordezkariek, eta borroka hau gizarte osoaren ardura dela esan dute.

Hiru dolu egun deitu ditu Udalak, eta erakunde publikoetako banderak masta erdira jaitsi dituzte. Udalaren eraikinaren aurrealdean bi lazo handi ere zintzilikatu dituzte, bat beltza eta bestea morea.

Tratu txarrak pairatzen badituzu, edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak, eta/edo deitu doako telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Indarkeria matxista Bartzelona Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa