Gizartea -
Eguraldia
Abisu horia elurragatik Araban astearte goizerako
Hain zuzen ere, abisua 06:00etan sartuko da indarrean, 12:00etarako. Elur-maila 600-800 metrora kokatuko da, baina gerora 1.100-1.200 metrora igoko da.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak abisu horia deituko Araban elurragatik astearte honetan. Hain zuzen ere, Jaurlaritzak zehaztu duenez, abisua 06:00etatik 12:00etara izango da indarrean; elur-maila 600-800 metroren bueltan kokatuko da hasieran, baina goizean zehar gora egingo du, eta iragarpena da egunaren bigarren zatirako 1.100-1.200 metrora iristea.
Prezipitazio txikia egingo du, eta batez ere barnealdean bota lezake, goizean eta arratsaldean; Euskalmetek esan duenez, gehienez 3 zentimetro pila litezke 1.000 metrora, eta zentimetro bakarra 600 metrora. Gainera, gerta liteke Arabako toki batzuetan euri izozkorra egitea, eta, hortaz, izotza pilatzea kaleetan.
Halaber, Segurtasun Sailak beste abisu hori bat deituko du, astelehen arratsaldetik, barnealdean, muturreko tenperatura baxuengatik eta izotzagatik. Abisua astearteko 10:00etara arte izango da indarrean. EAEko barnealdean izotz txikia egingo du, handia mendi-inguruetan.
Hurrengo egunetarako iragarpena
Hala, Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak esan duenez, astelehenean giro hotza da nagusi. Maximoak 8-9 ºC ingurukoak izango dira gehienez kostaldean, eta barnealdean, berriz, 2-5 ºC artean geratuko dira. Mendebaldean hodei ugari daude, eta goizean prezipitazio pixka bat egin du; ekialdean, berriz, ostarte zabalak dituzte. Ipar-ekialdeko haizea indartsu dabil, bolada oso gogorrekin haizeguneetan, eta haize hori hotz-sentsazioa handitzen ari da.
Asteartean, hodei gehiago ikusiko ditugu, eta goizetik prezipitazio pixka bat egin lezake, barnealdean; zaila izango da, aldiz, prezipitazio hori kostaldera iristea. Elur-maila 600-800 metro artean egongo da hasieran, baina, orduak igaro ahala, igotzen joango da eta gauerako 1.100 metrotik gora kokatuko da. Ipar-ekialdeko haizea bizi ibiliko da tarteka, oraindik ere, baina tenperatura maximoak apur bat igoko dira. Minimoak, ordea, hotzak izango dira beste behin, eta barnealdean izotza egingo du.
Asteazkenean, prezipitazioa ugariagoa izango da. Zerua oso hodeitsu edota estalita ikusiko dugu, eta euria egingo du, bereziki ekialdean eta barnealdean. Ekialdeko haizea ibiliko da, nahikoa zakar haizeguneetan. Hodeiak izanagatik, tenperatura pare bat gradu igoko da.