Gizartea -
Otsailaren 11
Bederatzi euskal erakunde bat eginda, Emakume Zientzialarien Nazioarteko Egunean
Zientzian diharduten emakumeen lana ikusaraztea helburu, jarduera programa zabala prestatu dute Donostian otsailaren 7tik 14ra.
EITB.EUS
Euskal Herriko bederatzi erakundek (CIC nanoGUNE ikerketa-zentroa, Materialen Fisika Zentroa, CIC biomaGUNE, Donostia International Physics Center, Biodonostia, Tecnun, Ceit, POLYMAT eta Elhuyar) zientzia-programazio bateratu bat osatu dute mundu mailan otsailaren 11n ospatuko den Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunari begira.
Emakumeak Zientzian 2020 izenburupean, jarduera programa zabala prestatu dute otsailaren 7tik 14ra. Donostian izango dira ekintza guztiak, eta doakoak eta publiko mota guztientzat izango dira, antolatzaileek azaldu dutenez.
Euren hitzetan, ekimen horren helburua da "zientzian diharduten emakumeen lana ikusaraztea, jarduera zientifiko-teknikoak gizonezkoen kontua direlako ustea apurtzea eta neskek eta nerabeek zientziako ikasketak hauta ditzaten sustatzea".
Otsailaren 7an abiatuko dira ekintzak. Lehen egun horretan, "Zientzia bada nesken kontua" tailerra egingo dute 16:00etan, CIC nanoGUNEn. Ikertzaileek gidatuta, 14 eta 18 urteko nerabeek "zientzialari izateko aukera izango dute egun batez"; baita ikerketa-talde bateko kide izateko aukera ere, nanozientziaren mundua lehen pertsonan ezagutzeko benetako esperimentu batean parte hartuz.
19:00etan, berriz, Victoria Eugenia Antzokiko Club Aretoan, "Zientzialariak, atzo eta gaur" ekimena burutuko dute. Euskal Herriko sei emakume ikertzailek beren lana eta beren burua aurkezteaz gain, iraganean aitzindari izan diren emakume zientzialariak omenduko dituzte. Izan ere,"iraganean aitzindariak izan baziren ere, askotan, ez zitzaien garaiz aitortu zientziari egindako ekarpena, eta ahaztuta geratu dira denboraren poderioz".
Hilaren 8an, larunbatean, familiei zuzendutako ginkana egingo dute Ibaetako Unibertsitate Campusean. Parte-hartzaileek Ibaetako campusean ezkutatuta egongo diren hainbat proga gainditu beharko dituzte, eta CFM, DIPC, Tecnun, Ceit, POLYMAT eta nanoGUNE ikerketa-zentroetan ere barneratuko dira ekintza honetan.
Ikastetxeei zuzendutako jarduerak
Bestalde, otsailaren 10ean, "Ingeniari izateara jolasten" tailerra antolatu dute Tecnun eta Ceit-en. 12 eta 16 urte bitarteko nerabeei zuzenduta egongo da automobilgintza-tailer praktikoa eta Formula Student taldeko ingeniaritza-ikasleek emango dute. Benetako ingeniari izango dira parte-hartzaileak, eta ingeniaritzako lan-arlo guztiak simulatuko dituzte: prototipoen diseinua, piezen fabrikazioa, muntaketa eta banaketa.
Ildo beretik, otsailaren 11n, Lehen Hezkuntzako eta Batxilergoko zenbait eskola-taldek bisitak egin ahal izango dituzte. Bisitatuko dituzten zentroetako ikertzaileek hainbat jarduera eta erakustaldi zientifiko egingo dituzte, emakumeek historian zehar zientzian izan duten zeregina nabarmentzeko. Eskolek urtarrilaren 27a arte egin ahal izango dute bisitetan parte hartzeko eskaera eta ondoren zozketa bidez esleituko dira.
Emakume helduei begira
Otsailaren 13an, "Amona's Power" jarduera egingo dute kultura zientifikoaren transmititzaile gisa emakume helduek duten irudia goratzeko. Ikertzaileek gidatuta, 55 urtetik gorako emakumeek aukera izango dute gure ikerketa-zentroetako nazioarteko ikerketaren eta bikaintasunaren mundua ezagutzeko. "Egunerokoan ezkutuan dagoen zientziak argia ikusiko du, eta norbere baitan bizi den zientzialaria esnaraziko dute eta etxean zein lagun artean egin ahal izango dituzten esperimentuak ikasiko", nabarmendu dute antolatzaileek.
Azkenik, zientzia-komunitateari zuzendutako mahai-ingurua antolatu dute otsailaren 14rako (12:00etan): "Berdintasuna zientzian: esperientziak eta etorkizuna". Topaketa horretan, berdintasuna izango da aztergai zientzia-sistemaren hainbat ikuspuntutatik. Mundu akademikoan zein ikerketa eta enpresaren munduan diharduten emakume profesional eta zientzialari nabarmenak izango dira bertan. Mahai-inguruak bizipenak eta zirrarak modu lasaian partekatzeko gune bat eskaini nahi du, gaur egun zientziaren arloan lan egiten duten emakumeei hitza emanez. Mahai-ingurua ingelesez izango da, Carlos Santamaria Zentroan (UPV/EHU).