Gizartea -

Gertakaria

Lau atxilotu Irurtzunen, Donostiako Danborradan 53 mugikor lapurtzeagatik

Ostutako gailuetako baten geolokalizazioak ahalbidetu du taldea atxilotzea. Salaketa guztiak Donostiako Alde Zaharrean izandako lapurrengatik aurkeztu zituzten, San Sebastian egunean.

Foruzaingoak zabaldutako argazkian, lapurtutako mugikorretako batzuk.
Foruzaingoak zabaldutako argazkian, lapurtutako mugikorretako batzuk.
Foruzaingoak zabaldutako argazkian, lapurtutako mugikorretako batzuk.

EiTB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Foruzaingoak hiru gizon eta emakume bat atxilotu ditu Irurtzunen, ustez Donostian, hilaren 20an, San Sebastian eguneko Danborradan, 53 mugikor lapurtzeagatik. Ostutako gailuetako baten geolokalizazioak ahalbidetu du taldea atxilotzea. Donostiako Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren aurrean aurkeztutako salaketa guztiek jasotzen zuten lapurretak Gipuzkoako hiriburuko Alde Zaharrean egin zituztela.

Astelehenean bertan egin zituzten atxiloketak. Egun horretan, mugikorra lapurtu zioten aretxabaletar emakume gazte batek Ertzaintzari esan zion bere gailua Irurtzungo hotel batean kokatzen ari zela tabletarekin sinkronizatuta zuen geolokalizagailuak. Halaber, zehaztu zuen Danborradan konturatu zela mugikorra ez zeramala aldean. Ertzaintzak Foruzaingoarekin bat egin zuen, eta horrek Altsasuko polizia-etxeko patruila bat bidali zuen segituan bertara.

Hiru atxilotuek agenteen aurrean bakoitzak bere aldetik deklaratu ostean, eta horien bertsioak ez zetozela bat ikusirik eta horiei hiru mugikor eta 766,54 euro hiru zatitan bereizita atzeman ondoren, Iruñeko polizia-etxe nagusira eraman zituzten, ikerketarekin jarraitzeko. Autoa miatzean, Ertzaintzarekin harremanetan jarri zen emakumearen mugikorra agertu zen, eta gela batean ezkutatutako motxila batean, beste 49 mugikor aurkitu zituzten, mota eta modelo askotarikoak.

Hainbat polizia-aurrekari

21-30 urte bitartekoak dira lau atxilotuak, eta hainbat polizia-aurrekari dituzte antzeko lapurretak egiteagatik; gehienak, Bartzelonan egin izan dituzte. Haietako bati, halaber, agirien faltsukeria ere egotzi diote; izan ere, gidabaimen faltsu bat zuen. Epailearen esku daude, ostegunetik.

Bitartean, Foruzaingoa mugikorren jabeak ari da abisatzen, 53 mugikorrak itzultzeko; hamaika jabek aurkeztuta zuten salaketa. Honelako kasuak gerta ez daitezen, Foruzaingoaren gomendioa da urruneko geolokalizagailua aktibatzea, kokapen-ahokaduren bidez edo kokapen-aplikazio espezifikoak erabiliz.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Danborrada Donostia Gaurko albisteak Gipuzkoa Euskal Autonomia Erkidegoa Delituak albisteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Foruzaingoa Lapurretak azken ordukoa