Gizartea -
Indarkeria matxista
Zazpi urteko kartzela-zigorra, Irunen neska bati sexu-abusuak egiteagatik
Biktima edanda eta konorterik gabe zegoela baliatu zuen emakume gazteari sexu-gehiegikeriak egiteko. Gertakariak 2018ko festetan jazo ziren.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gipuzkoako Auzitegiak zazpi urte eta sei hilabeteko espetxe-zigorra ezarri dio gizon bati konorterik gabe zegoen neska bati Irunen sexu-abusuak egitea egotzita. Erasoa 2018ko San Martzial jaietan gertatu zen.
EFE berri agentziak zabaldu duenez, antzeko delituak egiteagatik larrigarria ezarri dio epaileak. Ebazpenaren arabera, hamar urtetan galarazita izango du biktimarengana hurbiltzea edo harekin harremanetan jartzea.
Halaber, espetxetik atera ostean, zaintzapeko askatasunean egongo da sei urtez, eta biktimari 6.000 euroko kalte-ordaina ordaindu beharko dio.
Epaiketa joan den abenduan egin zuten. Fiskaltzak eta akusazio partikularrak hamar urteko kartzela-zigorra eskatu zuten.
Bi aldeen arabera, biktima edanda eta konorterik gabe kalean zegoela aprobetxatuta, gizonak ukituak egin eta aluan atzamarrak sartu zizkion.
Inguru hartatik pasatu ziren hainbat lagunek erasoa ikusi zuten, eta une horretan erasotzailea ihesean joan zen, baina Ertzaintzak atxilotu egin zuen gero.
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta / edo deitu doako telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.