Gizartea -
2019ko hirugarren hiruhilekoan
Euskadin hildakoen batez besteko adina 80 urtetik gorakoa da
Heriotza-kausa nagusiak tumoreak eta zirkulazio-sistemako gaixotasunak izan ziren 2019ko hirugarren hiruhilekoan. Hirugarren heriotza-kausa arnasbideetako gaixotasunak izan ziren.
Agentziak | Erredakzioa
Euskadin 2019ko hirugarren hiruhilekoan hildakoen batez besteko adina 80,45 urte izan zen, Eustat Euskal Estatistika Erakundeak astelehen honetan jakitera eman duenez. Gizonen artean, batez beste 77 urte zituzten, eta emakumeei dagokienez, berriz, 83.
Zehazki, hildakoen % 18,9k 70 urte baino gutxiago zituzten, % 17,4k 70 eta 79 bitartean, % 36,4k 80 eta 89 artean eta % 27,2k 90 beteta; horietako 71k (59 emakumek eta 12 gizonek) 100 urtetik gora zituzten.
Halaber, Eustaten datuen arabera, 2019ko hirugarren hiruhilekoan, 4.911 pertsona hil ziren Euskadin, hau da, aurreko urteko epe berean baino % 3,2 gutxiago.
Hildakoen artean, 2.513 (% 51,2) emakumeak ziren eta 2.398 (% 48,8) gizonezkoak. Gainera, hiru lurraldeetan heriotzak gutxitu egin dira: Araban 625 pertsona hil dira (% 4,6 gutxiago), Bizkaian 2.703 (% 3,1 gutxiago) eta Gipuzkoan 1.583 (% 2,9 gutxiago).
2019ko hirugarren hiruhilekoan izandako heriotzen artean, 7 hildako urtebetetik beherako haurrak izan ziren: bi mutiko eta bost neskato.
Heriotza-kausa nagusiak tumoreak eta zirkulazio-sistemako gaixotasunak izan ziren, 1.525 eta 1.222 heriotza eragin baitzituzten, hurrenez hurren. Horrek esan nahi du bi arrazoi horiek heriotzen % 56 eragin zituztela. Hirugarren heriotza-kausa arnasbideetako gaixotasunak izan ziren; 410 heriotza (% 8,3) eragin zituzten, aurreko urteko hiruhileko berean izan zen datuaren antzekoa.
Aurreko hiruhilekoetan gertatzen zen bezala, heriotzen kausa ez zen berdina izan sexu batean eta bestean. Gizonezkoen artean, tumoreak (% 38) zirkulazio-sistemako gaixotasunak (% 23,6) baino ugariagoak izan ziren. Emakumeen artean, berriz, gaixotasun kardiobaskularrak izan ziren arrazoi nagusia (% 26,1), tumoreen aurretik (% 24,4).