Gizartea -

Zaldibarko zabortegia

Jaurlaritzak ez du baztertzen aire kutsatuaren alerta eremua zabaltzea

Eguraldiaren eta sutearen eraginaren arabera hartuko du erabakia. Bestalde, uraren kalitatearen emaitzetan ez da lindanorik ageri.

Sutea Zaldibarko zabortegian. Argazkia: Efe
Sutea Zaldibarko zabortegian. Argazkia: Efe
Sutea Zaldibarko zabortegian. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak ez du baztertzen aireko furano eta dioxina maila altuengatik Ermuako, Eibarko eta Zaldibarko herritarrei egindako aholkuak eremu zabalago batean ere ezartzea, eta eguraldiaren eta zabortegiko sutearen eraginaren arabera hartuko du erabakia.

Horixe aipatzen da airearen kalitateari buruzko azken txostenean, gaur arratsaldean zabaldu duten dokumentuan. Adituek bertan azaltzen dutenez, "dioxina eta furano maila altuek ez dute berehalako eraginik osasunean".

Aurreko ostiralean, otsailaren 14an, Jaurlaritzak etxebizitzak ez aireztatzeko, leihoak itxita edukitzeko eta aire librean kirolik ez egiteko aholkatu zien Zaldibarko herritarrei, eta ondoko herrietakoei (Ermua eta Bizkaia).

Gaurko txostenean, Osasun Sailak azaldu du aholkuek "dioxina maila bere onera itzuli arte esposizioa ahal den guztia murriztea" dutela helburu, eta gogorarazi du hilaren 9an hartutako laginetan oinarrituta emandakoak direla eta berriak dituztenean ikusiko dutela aholkuekin jarraitu ala ez.

Berri horietarako, lagin berriak hartu zituzten otsailaren 10ean eta 14an, eta azken horretan puntu gehiagotan hartu zituzten.

CSICen Madrilgo laborategian aztertuko dute airearen kutsadura maila, eta ostegunean edo, beranduenera jota, ostiralean jakinaraziko dute emaitza.

Ingurugiro Sailak uraren kalitateari buruzko txostena ere zabaldu du, eta zazpi egunetan laginak hartu ostean lindano arrastorik ez dutela aurkitu adierazi du.

Zabortegiko lixibatuari dagokionez, amonioa izan da aurkitu duten kimiko adierazgarriena, eta hidrokarburoak agertu badira ere, maila ez omen da "nabarmentzekoa".

Kadmio, nikel eta selenio metalen arrastoak ere atzeman omen dituzte.

Txostenean agertzen denez, "kontrolak egiten hasi ginenetik nabari da lixibatu emariaren gorakada. Une honetan segundoko 3 litrotik beherakoa dela uste dugu. Era berean, amonioaren parametroaren gorakada ere egiaztatu da".

Uraren azterketan oinarrituta amonioa da ingurugiro araudia gainditzen duen kimiko bakarra, eta Aixola ibaian eta Egon gertatzen da hori.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Ermua Eibar Eusko Jaurlaritza Suteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Zaldibar Euskadiko kutsadura Durangaldea azken ordukoa Harri-jausiak