Gizartea -

Zaldibarko luizia

Zaldibarko zabortegian ostiral goizaldean berpiztutako sua, itzalita

Horregatik, Ermuko San Lorentzo auzoan goizean indarrean jarri dituzten prebentzio neurriak dagoeneko beharrezkoak ez direla jakinarazi die Eusko Jaularitzak bertako bizilagunei.

Sutea Zaldibarko zabortegian. Argazkia: EFE
Sutea Zaldibarko zabortegian. Argazkia: EFE
Suteak pizteko arriskua ikusita, zaintza talde batek lekuan jarraituko du

1:31

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bart gauean, Zaldibarko zabortegian, piztutako sutea itzali dute suhiltzaileek ostiral honetan. Horregatik, Ermuko San Lorentzo auzoan gaur indarrean jarri dituzten prebentzio neurriak dagoeneko beharrezkoak ez direla jakinarazi die Eusko Jaularitzak bertako bizilagunei. San Lorentzo luizia gertatu den tokitik gertu dago.

Zabortegian luizia gertatu zenetik (otsailak 6) 15 egun pasa dira jadanik. Alberto Sololuce eta Joanquin Beltran langileen bilaketa errazteko, egonkortze lanekin aurrera jarraitu dute ostiral honetan. Hondakinek bi beharginak harrapatu zituzten, eta desagerturik daude.

Bart, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak prebentzio neurriak bertan behera utzi eta ordu batzuk geroago, sua berriz piztu zen zabortegian. Horregatik, gaur gomendioak berriro indarrean egon dira Ermuko San Lorentzo auzoan.

Otsailaren 14an, airean dioxina eta furanoen presentzia antzeman zuten zabortegiko sutearen ondorioz -pilatutako gasek eraginda-, Eusko Jaurlaritzak etxebizitzak ez aireztatzeko, gauean leihoak ixteko eta aire librean kirolik ez egiteko gomendioa eman zuen Zaldibar, Ermua eta Eibarren.

Iragan asteartean sutea itzali ondoren, Osasun Sailak prebentzio neurriak bertan behera uztea erabaki zuen atzo, dioxinak sortzen zituen kea desagertu ostean.

Hala ere, ordu batzuk beranduago, sua berriz piztu zen zabortegian. Suhiltzaile talde bat bertaratu zen bart, egoera aztertzeko, eta segurtasun arrazoiengatik, egunsentiari itxarotea erabaki zuten, makineria astunarekin sartu ahal izateko. 08:00ak aldera lanean hasi dira.

Kea berriz areagotu dela ikusita, Eusko Jaurlaritzak etxeak ez aireztatzeko eta aire librean ariketa fisikoa ez egiteko prebentzio neurriak indarrean jarri ditu berriro, baina Ermuko San Lorentzo auzora mugatu ditu, zabortegitik gertu dagoelako.

Haserrea

Auzoko ikastetxearen umeei eragin die neurriak; izan ere, ezin izan dira jolastokira atera. Ikasleen gurasoak egoerarekin haserre agertu dira.

Suhiltzaileek goizean lortu dute sugarretara hurbiltzea eta, lurra erabiliz, sua itzali dute. Talde batek badaezpada bertan jarraituko du.

Eusko Jaurlaritzak arratsaldean ohar batean jakitera eman duenez, behin sutea itzalita, gomendatutako prebentzio neurriak “ez dira beharrezkoak”.

Osasun Sailak azpimarratu duenez, “dioxinak eta furanoak esposizio luze eta iraunkorretan dira arriskutsuak osasunarentzat, eta gomendatutako neurriak prebentziorako dira”.

Verter Recycling enpresako bi langile desagertuak bilatzeko lanei dagokionez, gorpuak egon daitezkeen zonaldeak egonkortzeko lanek aurrera jarraitu dute ostiral honetan.

Bestalde, “erantzukizunak berehala garbitzea” eskatu dio EH Bilduk Iñigo Urkullu lehendakariari. Koalizioaren hitzetan, lehendakariak berak Zaldibarko zabortegian “kontrol mekanismoak nahikoak” izan ez direla onartu zuen.

Gardelegiko zabortegiak Zaldibarko hondakinak hartzea errefusatu du Gasteizko Udalbatzak. “Ingurumen eta osasunerako segurtasun baldintza eta mekanismo guztiak bermatu baino lehen” hondakinak lekualdatzea baztertu du Udalbatzak.

Gainera, Zaldibarko zabortegi inguruan lanean ari diren beharginengatik “ez arduratzea” leporatu diote Correoseko sindikatuek konpainiari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Bizkaia Ermua Suteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zaldibar Durangaldea Luiziak gaur