Itxi

Gizartea

Zaldibarko luizia

Aldundia, Eibar eta Ermua akusazio partikular izango dira zabortegiaren epaiketan

Agentziak | erredakzioa

Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak gogorarazi du lurraren ezegonkortasunak "etsaia" izaten jarraitzen duela, eta egonkortzeak "lan asko eta denbora asko, hilabeteak" eskatuko dituela.

1:23
Unai Rementeria / EiTB

Bizkaiko Foru Aldundia eta Ermuko eta Eibarko Udalak akusazio partikular gisa aurkeztuko dute euren burua otsailaren 6an Zaldibarko zabortegia eraisteagatik abiatutako prozesu judizialean.

Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak agerraldia egin du asteazken honetan Bizkaiko Batzar Nagusietan, EH Bilduk eskatuta; izan ere, EH Bilduk Foru Gobernuari eskatu dio akusazio partikular gisa aurkezteko, luiziaren ondorioak jasan dituzten pertsonen "interesak defendatzeko".

Bizkaiko ahaldun nagusiak elkartasuna adierazi die oraindik desagertuta dauden bi langileen familiei, eta eskerrak eman dizkie luizia gertatu zenetik inguruan lanean ari diren profesionalei.

Halaber, lurraren ezegonkortasunak "etsaia" izaten jarraitzen duela gogorarazi du, eta egonkortasunak "lan asko eta denbora asko, hilabeteak" eskatuko duela ohartarazi du.

Bestalde, Ermuko Udalak ohar batean jakinarazi duenez, Eibarkoarekin batera akusazio gisa aurkeztea erabaki dute gertakariaren nondik norakoak eta ardura guztiak argi daitezen, "azken zazpi egunotan aukera hori aztertu ostean". Horretarako, bi udalek Bilboko abokatu bulego baten zerbitzua kontratatu dute.

krisia hasi zenetik "koordinatuta" ari direlako lanean erabaki dute elkarrekin aurkeztea, Ermuko Udalaren arabera.

Bi udalek berretsi dute lehentasuna luiziak azpian harrapatutako langileak aurkitzea eta "familien beharrei erantzutea" izan behar duela.

Hori dela eta, senideei babesa helarazi diete berriro, eta bertan lanean ari diren beharginekin ere oroitu dira.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena