Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Hiru gizonezko atxilotu dituzte adingabe bati sexu-erasoa egitea egotzita, Bilbon
Erasoa asteburuan gertatu zen, eta 18 eta 21 urte arteko hiru gizonezkoak atzo atxilotu zituzten. Hiru atxilotuak epailearen esku utzi dituzte dagoeneko.
agentziak | erredakzioa
18 eta 21 urte arteko hiru gizonezko atxilotu dituzte Bilboko Solokoetxe inguruan adingabe bati sexu-erasoa egitea leporatuta, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Gertakaria aurreko asteburuan gertatu zen, baina atzo atxilotu zituzten 18 eta 21 urte arteko hiru gizonezkoak, delitu historia luzea dutenak, Bilbon.
Aipatu iturrien arabera, adingabea ospitalean artatu behar izan zuen erasoaren ostean, eta hark jarritako salaketaren harira hasi zuten ikerketa.
Hiru atxilotuak epailearen esku utzi dituzte dagoeneko.
Bilboko Udalak erasoa gaitzesteko adierazpena argitaratu du. Udalbatzan ordezkaritza duten talde politiko guztiek testua berretsi dute. “Eraso matxista giza eskubideen urraketa larri eta onartezina da”, salatu dute.
“Emakumeenganako edozein jokabide iraingarri”, errefusatu dute, eta herritarrei erasoen aurka protesta egiteko eskatu diete. Zentzu horretan, Udalak erasoaren aurka protesta egiteko deitzen diren ekitaldi guztiekin bat egingo duela iragarri dute.
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta / edo deitu doako telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.