Gizartea -
Haizearen eragina
Barakaldon eroritako aldamioa kentzen hasi dira
Lanek irauten duten bitartean, Anaitasuna kaleko bost etxebizitza hustuta egongo dira, prebentzio neurri gisa. Horrez gain, inguruan dabiltzan autobusen ibilbideak ere aldatuko dituzte.
Agentziak | Erredakzioa
Haize-ufaden ondorioz, asteartean Barakaldon eroritako aldamioa kentzen hasiko dira suhiltzaileak eta langileak datozen orduetan. Lanek irauten duten bitartean, Anaitasuna kaleko bost etxebizitza hustuta egongo dira prebentzio neurri gisa, eta bertatik igarotzen diren autobusek ibilbidean aldaketak izango dituzte, Barakaldoko Udalak jakinarazi duenez.
Gertakaria astearte arratsaldeko 16:00ak pasata izan zen, Gurutzeta auzoan. Haize-denboralearen ondorioz, aldamio bat erori zen errepidearen eta espaloiaren zati batean. Gertakariaren ondorioz, prebentzio-neurri gisa, Vicente Alexandre kaleko 10. zenbakiko 64 etxebizitza eta La Pazeko 32 eta 34 zenbakiak hustu behar izan zituzten.
Udalak Retuertoko kultur etxea egokitu zuen, behar izan zezaketen familiei larrialdiko zerbitzua emateko; hala ere, kaltetutako pertsona gehienek senideen etxean igaro dute gaua, eta soilik bederatzi pertsonak erabili dute zerbitzu hori.
Udalak azaldu duenez, suhiltzaileak eta beharginak "desmuntaketa hastear" daude, eta horretarako, prebentzio-neurri gisa, Anaitasuna kaleko 18. zenbakiko bost etxebizitza hustu dituzte. "Lan neketsua eta zehatza" denez, egun osoan luzatzea espero dute.
Bestalde, Vicente Alexandre kalea trafikoari itxita egongo da aldamioa kendu arte, eta aldatu egin da Kbus hiri-autobuseko Desierto-Lutxana linearen ibilbidea. Linea horretan, Desierto-Lutxana noranzkoko San Inazio eta Anaitasuna geltokiak eta Lutxana-Desierto noranzkoko Anaitasuna geltokia kaltetu dira.
Hori dela eta, behin-behineko bi geraleku jarri dituzte; bata, La Paz kaleko 43. zenbakiaren ondoan dagoen Bizkaibuseko geralekuan (Desertu-Lutxana norabidean), eta bestea, La Paz kalean, Anaitasuna kalearekiko bidegurutzearen ondoan (Lutxana-Desertu norabidean).
Ostatu hartzeko irtenbidea
Bestalde, Udaletik adierazi dutenez, kaltetutako pertsona guztiei 'banan-banan' dei egiten ari zaie gaur egungo egoeraren berri emateko eta, arratsaldean, 'deiak berriro errepikatuko dira, desmuntatze lanen aurrerapenaren berri izan ondoren'.
Amaia del Campo alkateak ohartarazi duenez, aldamioa jartzeaz arduratzen den enpresak "ostatu hartzeko irtenbide bat" bilatu beharko du kaltetuentzat, "gaur gauean ere etxera itzuli ezin badira".
BIDEOA: Horrela geratu da aldamioa: