Gizartea -

TRAFIKO ISTRIPUA

Aurkitu dute Urumea ibaira erori den ibilgailua, Hernanin

Bost pertsona zihoazen barruan; bi onik atera dira eta beste hirurak desagertuta daude. Oraindik ez dute baieztatu azken horiek autoaren barruan dauden ala ez.

Osinaga auzoa, Hernani, gaur. Argazkia: EiTB.
Osinaga auzoa, Hernani, gaur.
Hernaniko bi gizonen eta Gasteizko emakume baten bila ari dira Urumea ibaian

0:47

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hiru pertsona, bi gizonezko eta emakumezko bat, daude desagertuta Urumea ibaian, gauerditik, auto batek kontrola galdu eta uretara erori ondoren, Hernaniko Osinaga auzoan. Desagertutako bi gizonak Hernanikoak dira, eta emakumezkoa, Gasteizkoa, 56 eta 59 urte artekoak.

Segurtasun Sailak baieztatu duenez, 16:45 inguruan aurkitu dute uretara erori den ibilgailua urpean, eta, orain, autoa kanpora ateratzen ari dira, tresneria bereziarekin. Oraindik ez dute baieztatu desagertutako hirurak barruan dauden edo ez.

Bost pertsona zihoazen ibilgailuan, eta bik euren kabuz ateratzea lortu dute. Horietako bat ibaiaren ertz batean aurkitu dute larrialdietarako zerbitzuetako langileek, adar bati helduta eta hipotermia zantzuekin. Biak ospitalera eraman dituzte, Tolosako Asuncion Klinikara eta Donostiako Poliklinikara. Donostiakoa da bata, eta Gasteizkoa, bestea, 58 -60 urte ingurukoak.  Biak onik daude.

Gauerdian izan da istripua, hainbat sagardotegi dauden auzo batean. Antza, errepidea ez da oso zabala, eta bi auto gurutzatzen ari zirenean, horietako bat, Citroen Berlingo markakoa, gehiegi baztertu da eta amildu egin da, ibairaino. Azken egunotako euri jasen ondorioz, ibaia hazita dator, eta autoa aurretik eraman du. Oraindik, ez dute aurkitu.

Ertzaintza, suhiltzaileak eta larrialdietarako zerbitzuetako langileak daude istripua izan den tokian. Eguna argitu orduko, txalupa batekin ari dira ibaian bilaketa lana egiten.  Helikopteroz ere ari dira ingurua arakatzen.

Pedro Anitua Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendariak jakinarazi duenez, hiru eremutan ari dira lanean. Batetik, ibilgailua ustez urperatzen hasi zen lekuan suhiltzaile talde bat ari da bila. Sakonera handiena (sei metro) dagoen tokian, berriz, Ertzaintzako urpekariak ari dira lanean, eta  Gurutze Gorriko kideak Karabel zubiaren ingurua ari dira arakatzen. 

Ur emari handiaren eta korronteen ondorioz, bilaketa lanak asko zailtzen ari dira.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafiko Istripuak Trafikoa Donostia Gipuzkoa Hernani Gizartea Trafikoko telefonoak Trafiko webkamerak Eguneko albisteak Astigarraga Albisteak Errepideko istripuen biktimak