Gizartea -

COVID-19

Beste hiru pertsona hil dira koronabirusarekin Araban eta Bizkaian

Araban bi emakume hil dira, 92 eta 88 urtekoak, eta 87 urteko beste emakume bat Bizkaian. Guztiek gaixotasun kronikoak zituzten. 32 kasu berri atzeman dituzte EAEn, eta beste hiru Nafarroan.

Txagorritxu Ospitalea, Gasteizen. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.
Txagorritxu Ospitalea, Gasteizen. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.
Koronabirusarekin beste hiru pertsona hil dira Euskadin

1:59

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koronabirusa zuten hiru gaixo gehiago hil direla jakinarazi du gaur Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ohar baten bidez; dagoeneko bost pertsona hil dira Euskal Autonomia Erkidegoan.

Araban bi emakume hil dira, 92 eta 88 urtekoak, isolamenduan zeudenak, eta 87 urteko beste emakume bat, Bizkaian, isolamenduan ere; guztiek ere aurretiko gaixotasun kronikoak zituzten.

Gainera, COVID-19 birusaren 32 kasu berri atzeman dituzte azken orduetan, honela banatuta: 26 gehiago Araban, 5 gehiago Bizkaian, eta 1 Gipuzkoan.

Araban 26 positibo gehiago izan dira, beraz, 79 dira dagoeneko koronabirusa duten pertsonak. Horietatik 23 ospitalean daude, horietako 5 ZIUn.

Gipuzkoan beste positibo bat izan da. Guztira hiru kasu daude, eta horietako bi ospitalean daude.

Bizkaian 5 kasu berri gehitu dira, beraz, guztira 20 kasu positibo daude. Lurralde horretan 12 pertsona daude ospitaleratuta, horietako bat ZIUn.

Guztira, 102 kasu

Hala, 102 koronabirus kasu positibo atzeman dituzte EAEn; horietatik 37 ospitalean daude, 6 ZIUn, eta bost pertsona hil dira.

Osasun Sailak eta Osakidetzak beste bilera tekniko bat egin dute igande honetan, egoera aztertzeko eta egungo "euste-egoeran prebentzio-neurriak, bereziki osasun arlokoak, ahalik eta gehien areagotzeko".

Ildo horretan, "unean-unean" emango zaie osasun arloko profesionalei eta, oro har, biztanleei ezartzen zaizkien jarraibide berrien berri.

Hiru kutsatu berri Nafarroan

Bestalde, Nafarroako Gobernuak laugarren koronabirus kasua baieztatu du igande goizean. Kutsatu berria 64 urteko gizon iruindar bat da.

Probetan positibo eman ondoren aurreikusitako protokoloak aplikatu dizkiote, eta etxean bakartu dute, jarraipena eta kontrola egiteko.

Arratsaldean, berriz, beste bi kutsatu baieztatu ditu Foru Gobernuak. Arnas infekzio sakona daukan 39 urteko emakume bat Nafarroako Ospitalean dago, eta 63 urteko gizon bat Nafarroako Unibertsitate Klinikaren ZIUan. Biek probetan positibo eman dute.

Iragan asteburuan aurreneko positiboa antzeman zuten Foru Erkidegoan, orduz geroztik 39 urteko emakumea ZIUn dago; astelehenean 34 urteko haren senide bat Nafarroako Ospitale Gunean ospitaleratu zuten; eta ostiralean 27 urteko beste gazte bat ospitaleratu zuten. Guztiak iruindarrak dira.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Osasun Zerbitzu Publikoa Azken ordukoa Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa gaur Araba Iparraldea albisteak EAE albisteak Gaixotasunak argazkiak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasunari buruzko albisteak Medikuen albisteak Erizaintza gaur Nafarroako Ospitale Gunea Gurutzetako Ospitalea albisteak Donostia Ospitalea Arabako Unibertsitate Ospitalea Koronabirusa Osasunbidea