Gizartea -
TRAFIKO ISTRIPUA
Berreskuratu dituzte Urumean hildako hiru pertsonen gorpuak
Bost pertsona zihoazen ibilgailuan; bi onik atera dira eta beste hirurak desagerturik zeuden. Azken horiek auto barruan topatu dituzte.
EITB.EUS
Hiru pertsona, 59 urteko emakume zuiarra (Araba) eta 56 eta 58 urteko bi gizonezko, donostiarra eta zarauztarra, hurrenez hurren, Urumea ibaian desagerturik zeuden, gauerditik, auto batek kontrola galdu eta uretara erori ondoren, Hernaniko Osinaga auzoan. Gorpuak arratsaldean aurkitu dituzte.
Arratsaldeko lehen orduan aurkitu dute ibilgailua urpean. Desagertutako hiru pertsonen gorpuak auto barruan topatu dituzte geroago.
Une horretan urpekariek ez dute auto barrua argi ikusterik izan korronte indartsuaren eta ura oso zikin zetorrelako azken orduetako euriteen ondorioz, hiru desagertuak auto barruan zirela egiaztatzeko.
Garabi batek ibilgailua ibaitik atera du gauean. Hiru pertsonaren gorpuak topatu dituzte barruan. Ezin izan dute autotik atera, istripua gertatu ondoren.
21:00ak aldera garabia bertaratu da, eta azkenean autoa uretatik atera ahal izan du, hiru desagertuen gorpuak barruan zirela.
Hiru gorpuak Donostiako Auzitegiko Medikuntza Institutura eraman dituzte, bertan autopsia egiteko.
Bost pertsona zihoazen ibilgailuan, eta bik euren kabuz ateratzea lortu dute, biak 59 urtekoak eta bata zuiarra eta bestea donostiarra. Horietako bat ibaiaren ertz batean aurkitu dute larrialdietarako zerbitzuetako langileek, adar bati helduta eta hipotermia zantzuekin. Biak ospitalera eraman dituzte, Tolosako Asuncion Klinikara eta Donostiako Poliklinikara. Biak onik daude.
Gauerdian izan da istripua, hainbat sagardotegi dauden auzo batean. Antza, errepidea ez da oso zabala, eta bi auto gurutzatzen ari zirenean, horietako bat, Citroen Berlingo markakoa, gehiegi baztertu da eta amildu egin da, ibairaino. Azken egunotako euri jasen ondorioz, ibaia hazita dator, eta autoa aurretik eraman du.
Biktimen senideak eta lagunak Urumea ibaiaren ondoan, Hernanin (Gipuzkoa). Argazkia: EFE
Ertzaintza, suhiltzaileak eta larrialdietarako zerbitzuetako langileak daude istripua izan den tokian. Eguna argitu orduko, txalupa batekin hasi dira ibaian bilaketa lana egiten. Helikopteroz ere ingurua arakatu dute.
Pedro Anitua Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendariak jakinarazi duenez, hiru eremutan izan dira lanean. Batetik, ibilgailua ustez urperatzen hasi zen lekuan suhiltzaile talde batek bilatu du. Sakonera handiena (sei metro) dagoen tokian, berriz, Ertzaintzako urpekariek lan egin dute, eta Gurutze Gorriko kideek Karabel zubiaren ingurua arakatu dute.
Ur emari handiaren eta korronteen ondorioz, bilaketa lana oso zaila izan da.