Gizartea -
Indarkeria matxista
Gizon bat bi emakumeri sexu-erasoa egiten saiatu da Donostian
Igande honetan gertatu da, 12:30 aldera, Easo Plazako aparkalekuan. Ertzaintzak ustezko egilea atxilotu du.
EiTB.EUS
Gizon bat bi emakumeri sexu-erasoa egiten saiatu zen igande honetan Donostian, Easo Plazako aparkalekuan, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak ohar bidez jakitera eman duenez. Ustezko egilea, 28 urteko gizon bat bera, Ertzaintzak atxilotu du.
Igandeko 12:30 aldera jazo zen. Orduan, bi emakume Easo Plazan aparkatutako auto baten barruan zeuden; bat-batean, ezagutzen ez zuten gizon batek kopilotuaren atea ireki zuen, eta indarkeriaz oldartu zitzaien, sexu-erasoa egiteko asmoz. Biktimek ihes egitea lortu zuten, eta segurtasun-zaintzailearen garitan ezkutatzea lortu zuten.
Ertzaintzari gertatutakoaren berri emanda, hainbat patruila aparkalekuan bertaratu ziren, eta ustezko erasotzailea identifikatu eta atxilotu zuten.
28 urteko gizona ondorengo orduetan utziko dute epailearen esku.