Gizartea -

2014-an desagertu zen

Gasteizko Udalak Borja Lazaroren kasuarekiko konpromisoa berretsi du

Udalak iragarri duenez, pertsona desagertuei buruzko topaketa bat antolatuko dute datorren maiatzean Gasteizen. Borja Lazaro 2014ko urtarrilean desagertu zen Kolonbian.

Borja Lazaroren senideak eta Gorka Urtaran alkatea elkarretaratze batean. Argazkia: EFE
Borja Lazaroren senideak eta Gorka Urtaran alkatea elkarretaratze batean.
Borja Lazaro bilatzeko ikerketak zabalik jarraitzen du, sei urteren ostean

1:33

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizko Udalak Borja Lazaroren eta, oro har, desagertuta pertsonen bilaketa ahalbidetzeko hainbat ekimen aurrera eramateko konpromisoa berretsi du gaur, Desagertutako Pertsonen Egunean.

Udaletxeko talde politikoek adierazpen instituzionala irakurri dute astelehen honetan. Borja Lazarori eta haren senide eta lagunei aipamen berezia egiten diete testuan. Familiari elkartasuna adierazteaz gain, haien sufrimendua arintzeko Udalak dituen bitarteko guztiak erabiltzeko prestutasuna agertu dute. 

Borja Lazaro argazkilari gasteiztarrak sei urte daramatza desagertuta. 2014ko urtarrilean ikusi zuten azkenekoz Kolonbiako La Guajira eskualdean. Ikerketa ofizialki itxita egon ez arren, kasuan ez da aurrerapenik izan.

Udalek desagertze kasuetan jarrera aktiboa izan behar dutela aldarrikatu dute adierazpenean. Horrelakoetan, Udalak azpimarratu du ezinbestekoa dela azkar informatzea,  familiari eta herritarrei arreta eskaintzea eta Udaltzaingoaren eta Estatuko segurtasun indarren arteko koordinazioan laguntzea.

Desagertzeek kaltetutako pertsonekiko elkartasuna erakutsi ostean, Gorka Urtaran alkateak jakinarazi du desagertutako pertsonei buruzko zortzigarren batzar teknikoa antolatuko dutela Gasteizen maiatzean.

Adierazpenaren arabera, azken urtean desagertzeengatik 30.000 salaketa aurkeztu dira Espainian; eta 2010ean Barne Ministerioak erregistro ofiziala hasi zuenetik, 180.000.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gasteizko Udala Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Kolonbia Desagertutako pertsonak