Gizartea -

Koronabirusa

Dagoeneko 521 kasu eta 19 hildako EAEn, eta aurreneko heriotza Nafarroan

Azken orduetan beste bost pertsona hil dira Euskadin koronabirusarekin, lau Araban eta bat Bizkaian. 87 urteko emakume bat hil da Nafarroan.

Guztia itxita Gasteizko Aiztogile kalean. Argazkia: EFE
Guztia itxita Gasteizko Aiztogile kalean. Argazkia: EFE
Guztia itxita Gasteizko Aiztogile kalean. Argazkia: EFE

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken orduetan beste bost pertsona hil dira Euskadin koronabirusarekin, lau Araban eta bat Bizkaian. Ondorioz, dagoeneko 19 pertsona hil dira. Guztira, 521 kasu antzeman dituzte, ostiralean zenbatutakoak baino 104 gehiago.

Gaixotasuna Euskal Autonomia Erkidegoan izaten ari den bilakaeraren azken datuak jakitera eman ditu Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. 222 pertsona ospitalean dira EAEn.

Gipuzkoan 46 kutsatu (16 ospitaleratu) antzeman dituzte, Bizkaian 115 (53 ospitaleratu) eta Araban 360 (153 ospitaleratu).

Positibo berrietatik, 50 Araban bizi dira, bertan 13 hildako izan dira jadanik, eta 153 ospitalean daude.

Bizkaian, hiru hildako utzi ditu koronabirusak, ostiralean baino 32 kasu gehiago antzeman dituzte, eta 53 kutsatu ospitalean daude. Gipuzkoan, 22 pertsona gehiago kutsatu dira, hiru hildako eta 16 ospitaleratu.

87 urteko emakume bat, aurreneko hildakoa Nafarroan

87 urteko emakume bat hil da Nafarroan koronabirusarekin. Gaixotasunak Foru Erkidegoan utzi duen aurreneko hildakoa da.

Martxoaren 12an ospitaleratu zuten Nafarroako Ospitale Gunean, eta aldez aurretik patologia larriak zituen.

Gainera, Nafarroan 183 dira kutsatuak dagoeneko, Foru Gobernuak azaldu duenez. Ostiraleko 18:00etan 130 ziren, beraz 53 gehiago dira orain. Bi kutsatuk sendagiria jaso dute dagoeneko.

34 pertsona daude ospitaleratua Nafarroan, horietako 4 Zainketa Intentsiboen Unitatean.

Hala ere, paziente gehienak etxean daude, 149, eta bertan ari zaizkie jarraipena egiten.

Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidenteak agerraldia egin du gauean, Espainian alarma egoera onartu ondoren.

Bestalde, Espainiako Estatuan 5.753 kasu antzeman dituzte dagoeneko, ostiraleko 18:00etan baino 1.522 kutsatu gehiago.

Osasun Ministerioak zehaztu duenez, kasu gehienak Madrilen (2.940 kutsatu) eta Katalunian (509) antzeman dituzte.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Kontseiluaren telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Medikuak Gurutzetako ospitalea Erizaintza Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa Osasunbidea