Gizartea -
COVID-19
Aernnovak Berantevillako lantegia itxi du, gutxienez hilaren 24ra arte
Aernnovako batzordeak ekoizpena geldiarazteko eskatu zion zuzendaritzari, lantegian langileak "elkarren ondoan" daudelako etengabe.
Agentziak | Erredakzioa
Aernnovak Berantevillako (Araba) lantegia itxiko du gaur, 14:00etan, martxoaren 24ra arte, koronabirusak sortutako osasun krisiaren ondorioz, sindikatuetako iturriek baieztatu dutenez.
Aernnovako batzordeak ekoizpena geldiarazteko eskatu zion zuzendaritzari, lantegian langileak "elkarren ondoan" daudelako, eta "birusak erraz hedatzen dira tresna, espazio eta oxigenoa partekatzen dutelako".
Langile gehienak Gasteiztik Berantevillara autoz joaten direla ere argudiatu dute langileen ordezkariek, eta errepidean istripurik izanez gero "ospitaleetako larrialdien kolapsoa ekarriko luke".
Hasiera batean, enpresako zuzendaritzak uko egin dio ekoizpena gelditzeari, baina gaur goizean langile talde batek manifestazioa egin du lantegi barruan, eskularruak eta maskarak jantzita, "Aernnovavirus. Itxi orain" lelopean.
Protestaren ostean, zuzendaritzak batzordearekin egunero egiten duen bilera ordu batzuk aurreratzea erabaki du, COVID-19ak sortutako egoera aztertzeko. Lantegia gutxienez astebetez ixtea erabaki dute, gaurko 14:00etatik asteartera arte, eta gaurko arratsaldeko txandako langileak ez dira lanpostura joango.
Datorren astelehenean, martxoak 23, zuzendaritza eta batzordea berriro bilduko dira, eta pandemiaren bilakaera ikusita erabakiko dute jarduera berriz martxan jarri edo itxiera luzatu, batzordeak azaldu duenez.