Gizartea -

Koronabuloak

Ez da egia Osakidetzak koronabirusari buruzko galdetegi espezifiko bat duenik

Informazio oker baten arabera, Euskal Osasun Zerbitzuaren mugikorretarako aplikazioan koronabirusaren sintomei buruzko berariazko galdetegi bat dago norberak bere burua azter dezan.

Osakidetzaren sakelatarako aplikaziotik ateratako irudia.
Osakidetzaren sakelatarako aplikaziotik ateratako irudia.
Osakidetzaren sakelatarako aplikaziotik ateratako irudia.

EiTB

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken egunotan, ohikoa izan da WhatsAppeko talde askotan jasotzea Osakidetzak koronabirusari buruzko galdetegi zehatz bat prestatu duela sakelakoetako aplikazioetarako, eta horren bidez norberak bere burua azter dezakeela galdetegi erraz bati "bai edo ez" erantzunez, betiere "larrialdietarako telefono-zenbakiak ez saturatzeko helburuarekin".

Alabaina, informazio hori faltsua da; izan ere, gaur egun Euskal Osasun Zerbitzuaren aplikazioan ez dago koronabirusaren inguruko galderak egitera bideratutako berariazko atalik. Hala gezurtatu du Euskadiko Larrialdietako Boluntario Digitalen Elkarteak (VOST Euskadi) Twitterren duen profilean:

Aitzitik, egon badago COVID-19 gaitzari buruzko informazioa eta gomendioak biltzen dituen atal bat, baita Osasun Aholkua izeneko sekzio bat ere, aplikazioan zein webgunean, eta lehendik ere bazegoen autolaguntza sanitariorako gida bat ere aurki daiteke bertan. Gida horretan, Osakidetzak zehazten duenez, herritarrek gehien galdetzen duten "sintoma eta arazoen gaineko informazioa eta aholkuak" jasotzen dira.

Bestalde, Osakidetzaren webgunean koronabirusari buruzko informazio zabala aurki daiteke: hedapena geldiarazteko neurriak zein ohiko galderak daude bertan, eta elkartasun sareari buruzko xehetasunak ere bai, besteak beste.

Kontuan izan osasun-agintariek koronabirusaren aurka emandako aholkuak. Koronabirusaren inguruko albiste faltsuen aurrean, egin kasu bakarrik iturri ofizialek ematen dituzten albisteei. Eta zurrumurru, gezur edo albiste faltsu baten susmorik baduzu, idatzi koronabuloak@eitb.eus helbide elektronikora edo bidali WhatsApp bidez mezu bat 600 900 454 telefono zenbakira. Ez diogu inori zuzenean erantzungo, baina oharrak jaso, aztertu, eta faltsuak direla egiaztatuz gero, Koronabuloak webean aireratuko ditugu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza EAE albisteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Albiste faltsuak Koronabirusa