Gizartea -

Koronabirusa

Txinak koronabirusaren aurkako txertoa garatu du, eta gizakietan probatuko du

Txertoa "bere segurtasun, eraginkortasun eta kalitateagatik" onartu dute, eta eskala handian ekoizten hasi aurretik egin beharreko lanak amaituta daude jada, zientzialariek azaldu dutenez.

Koronabirusa atzemateko probak laborategi batean. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia
Koronabirusa atzemateko probak laborategi batean.
Txinak koronabirusaren aurkako txertoa garatu duela iragarri du

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Txinako zientzialari talde batek koronabirusaren aurkako txertoa garatu du, eta gizakiekin lehenengo probak egiten hastea onartu du herrialde horretako Defentsa Ministerioak, segurua ote den frogatzeko asmoz, ohar baten bidez jakinarazi dutenez.

Zehazki, Chen Wei epidemiologoa buru duen zientzialari taldeak garatu du txertoa. Txinako Wuhan hirian atzeman zuten lehen aldiz COVID-19 izenarekin ezagutzen den gaitza, eta dagoeneko 7.800 pertsona baino gehiago hil dira nazioartean koronabirusaren eraginez. Txina kontinentalean 3.226 pertsona hil dira.

"Txertoa bere segurtasun, eraginkortasun eta kalitateagatik onartu dute, eta eskala handian ekoizten hasi aurretik egin beharreko lanak amaituta daude jada", jakinarazi du Chen Wei epidemiologoak ohar batean.

Otsailean, koronabirusa hedatzea saihesteko berriki garatutako txertoak gizakietan probatzen hasteko asmoa zutela iragarri zuten Txinako agintariek. Probak apirilean abiatuko lirateke, osasuntsu dauden 108 boluntariorekin.

Txinako zientzialariek aurrerapen handiak egin dituzte kutsatutako tximino batzuek koronabirusaren aurkako “immunitatea” garatu ondoren, The South China Morning Post egunkariaren arabera.

Zientzialariek, gainera, animalia horiek begietatik kutsa daitezkeen zantzuak aurkitu dituzte. Baieztatuz gero, horrek esan nahiko luke maskarak ez direla nahikoa kutsatzea saihesteko.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Kontseiluaren telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Txina Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Zientziaren hedapena Erizaintza Sendagaiak Txertoak Koronabirusa