Gizartea -

Koronabirusa

Jaurlaritzak epemugarik gabe luzatu du hezkuntza zentroen itxiera 

Osasun krisiaren joera ikusita hartu du erabakia, eta hezkuntza komunitateari zirkular baten bitartez jakinarazi dio.

Eskola. Argazkia: Pixabay
Eskola. Argazkia: Pixabay
Eskola. Argazkia: Pixabay

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak iragarri du ikastetxeen itxiera "luzatu" egin dutela "beste abisu bat eman arte".

Osasun krisiaren joera ikusita hartu du erabakia, eta hezkuntza komunitateari zirkular baten bitartez jakinarazi dio.

EAEn ia mila koronabirus kasu atzeman dituzte (973), eta azken 24 orduetan 208 positibo gehiago zenbatu dira, osasun krisia hasi zenetik kopuru handiena. Orain arte 40 pertsona hil dira Covid-19rekin, eta 4 azken 24 orduetan.

Osasun Sailak gomendatzen duenean irekiko dituzte berriro ikastetxeetako ateak, Cristina Uriarte buru duen Hezkuntza Sailak jakinarazi duenez. Aipatu iturriek azaldu dute neurri horrekin "data nahastea" argitu nahi izan dutela.

Izan ere, mailakatua izan zen hezkuntza zentroen itxiera. Martxoaren 10ean Gasteizko, Bastidako eta Guardiako ikastetxeak martxoaren 10ean itxi zituzten, eta martxoaren 23an, datorren astelehenean, berriro martxan jartzea aurreikusten zen.

Ondoren, neurri hori Araba osora eta Balmasedara (Bizkaia) zabaldu zuten, printzipioz, hilaren 24ra arte.

Azkenik, aurrez aurreko eskolen jarduera bertan behera geratu zen Gipuzkoan eta Bizkaian, hasiera batean martxoaren 30a arte.

Neurri horien epea egun desberdinetan amaitzen zenez, Hezkuntza Sailak nahiago izan du luzatu "beste abisu bat" jaso arte.

Irakaskuntza jarduera

Zentroetara bidalitako jakinarazpenean azaldu dute indarrean jarraitzen dutela "irakaskuntza jarduerarako" ildoak (irakasleek dagokien ordutegian egiten dute lan), eta "ikasleekiko eta senideekiko arretak".

Hezkuntza Sailetik onartu dute jakinarazpena ez dietela unibertsitateei helarazi, baina horietan ere Osasun Sailaren mende daudela.

Bestalde, Cristina Uriarteren Sailak azpimarratu du "osasun agintarien aholkuak zorrotz" bete behar direla "ahal den lasterren itzultzeko normaltasunera", eta eskerrak eman dizkio hezkuntza komunitateari "konpromiso kolektiboa eskatzen duen egoera honetan duen ulermenagatik".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Kontseiluaren telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoako albisteak Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Koronabirusa