Gizartea -

KORONABULOAK

Ez da egia Bizkaiko ikastetxeak irailera arte itxiko dituztela

'El País' egunkariak argitaratutako albiste baten itxura hartuta WhatsAppetik zabaldu den irudi baten arabera, Bizkaiko ikastetxeek irailera arte ez dituzte eskolak berriro hasiko, baina ez da hala.

'El País' egunkariak argitaratutako balizko albistearen irudia.
'El País' egunkariak argitaratutako balizko albistearen irudia.

'El País' egunkariak argitaratutako balizko albistearen irudia.

EiTB

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Albiste faltsuak hedatzeko modu ohikoenetako bat da ospe handiko komunikabideren batek argitaratutako berri baten itxura hartzen saiatzea, mezu okerra zabaltzeko asmoz.

Horixe gertatzen da, hain zuzen ere, WhatsApp bidez barreiatutako mezu batekin. Hala, El País egunkariak argitaratutako albiste baten itxura hartzen duen argazki bat ikus daiteke bertan, eta, albiste horren titularrean jasotzen denez, Eusko Jaurlaritzak Bizkaiko ikastetxe guztiak irailera arte ixtea erabaki du, koronabirusaren hedapena geldiarazteko neurri gisa.

Titular faltsuak honela dio: Los colegios de Bizkaia cierran hasta Septiembre.

Azpitituluan, berriz, Iñigo Urkullu lehendakariak aipatu egunkariari egindako ustezko adierazpen batzuk agertzen dira:

"Hemos tomado esta difícil decisión por el bien de nuestros jóvenes y de Euskadi" decía el lehendakari Iñigo Urkullu a nuestro corresponsal

Lehen begiratuan, badira albisteren sinesgarritasuna zalantzan jartzen duten zenbait alderdi. Horietako lehena erredakzioaren kalitatea da, ez baita oso ohikoa El País bezalako hedabide batek gaztelaniazko septiembre letra larriz idaztea, akatsa baita.

Era berean, albistea janzten duen argazkia ez dator bat helarazi nahi den informazioarekin; izan ere, Fernando Grande-Marlaska Barne ministroa ikus daiteke bertan, koronabirusaren aurkako Babes Zibilaren Koordinaziorako Estatuko Batzordearen bilera baten buru.

Egunkariaren beraren webgunean ikerketa bat egin ondoren, ustezko albistea ez da inongo bilaketaren emaitza gisa agertzen. Aitzitik, aztergai dugun albiste faltsuan agertzen den argazkiarekin bat datorren honako beste albiste hau aurkitu dugu: La política se conjura contra el coronavirus.

Egia da COVID-19 gaitzaren kutsakortasun handiari aurre egiten saiatzeko, Eusko Jaurlaritzak hartutako neurrien barruan dagoela eskolak bertan behera uztea, ez bakarrik Bizkaian, baizik eta Euskal Autonomia Erkidego osoan. Hasiera batean, neurri horrek martxoaren 30era arte iraun behar bazuen ere, asteazken honetan Hezkuntza Sailak ikastetxeen itxiera luzatzea erabaki zuen "besterik esan arte".

Hala ere, gaur-gaurkoz, ez da hartu Bizkaiko ikastetxeei zuzendutako beste neurri espezifikorik, goian aipatutakoez gain. Horrenbestez, berriro ere bulo baten aurrean gaude.

Kontuan izan osasun-agintariek koronabirusaren aurka emandako aholkuak. Koronabirusaren inguruko albiste faltsuen aurrean, egin kasu bakarrik iturri ofizialek ematen dituzten albisteei. Eta zurrumurru, gezur edo albiste faltsu baten susmorik baduzu, idatzi koronabuloak@eitb.eus helbide elektronikora edo bidali WhatsApp bidez mezu bat 600 900 454 telefono zenbakira. Ez diogu inori zuzenean erantzungo, baina oharrak jaso, aztertu, eta faltsuak direla egiaztatuz gero, Koronabuloak webean aireratuko ditugu.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Osasun albisteak gaur Albiste faltsuak Koronabirusa