Gizartea -

Koronabirusa

Perutik 28 euskal herritar itzuliko dira gaur estatuen arteko akordio bati esker

Marian Elorza Kanpo Ekintzako idazkari nagusiak azaldu duenez, EAEko 130 bat herritar daude uneotan etxera itzuli ezinda atzerrian, baina horien itzuleraren eskumena Espainiako Ministerioarena da.

Marian Elorza Kanpo Ekintzako idazkari nagusia. Argazkia: EiTB
Marian Elorza Kanpo Ekintzako idazkari nagusia. Argazkia: EiTB
'Estatu-hegaldi bat aterako da bihar Limatik, 28 euskal herritar etorriko dira etxera'

11:26

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Atzerrian, etxera itzuli ezinda, EAEko 130 bat herritar daudela jakinarazi du Marian Elorza Kanpo Ekintzako idazkari nagusiak, baina bihar, asteazkenarekin, horietako 28 iritsiko omen dira Madrilera Limatik, Espainiako eta Peruko estatuek egindako akordio bati esker.

Elorzak ETB1-eko 'Egunon Euskadi' saioan egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, "espainiar nazionalitatea duten hiritarrei babesa eskaintzea Ministerioari dagokio", baina Eusko Jaurlaritza "itzulera errazten laguntzen saiatzen da".

Kanpo Ekintzako idazkari nagusiak bi kasuistika aipatu ditu itzulerekin dauden arazoak argitzeko: alde batetik, hegaldi kopuruak nabarmen egin duela behera, eta ondorioz zailagoa da etxera itzultzeko hegaldia lortzea; beste alde batetik, herrialde batzuk erabat itxita dituzte mugak, bai sartzeko, bai ateratzeko.

Bigarren kasua da Perurena. Horregatik, bertan dauden euskal herritarrak itzuli ahal izateko, "estatuen arteko salbuespeneko akordioa" da irtenbidea, eta akordio horri esker "estatu hegaldiak" antolatzea herritarrak bertatik ateratzeko eta etxera itzuli ahal izateko.

Elorzak uste du "berri ona" dela lehenengo hegaldia gaur bertan izatea, hortik aurrera "gehiago" etorriko direlako.

275 bat pertsona jarri omen dira Jaurlaritzarekin harremanetan konfinamenduak hasi zenetik, eta lehenengo egunetan erdiak jada itzuli ziren etxera.

Horren harira, "animo mezua" helarazi nahi izan die oraindik kanpoan dauden euskal herritarrei, "badirudielako konponbidearen hasieran gaudela".

Azkenik, Eusko Jaurlaritzaren Kanpo Ekintzako idazkari nagusiak azpimarratu du, eskumena Ministerioarena izan arren, Eusko Jaurlaritzak lagundu egiten duela prozesu osoan, eta aholkuak eta jarraibideak ematen dizkiela eurengana jotzen duten guztiei.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuakAlbiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua albisteak Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Peru Koronabirusaren Eris aldaera gaur