Gizartea -

Koronabirusa

Haurdunak, edoskitzea, haurtxoak eta koronabirusa: Osakidetzaren aholkuak

Haurdun bazaude edo umea berriki izan baduzu, kontsultatu gida hau, koronabirusari aurre egiteko.

Gurutzetako Ospitalea. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.
Gurutzetako Ospitalea
Gurutzetako Ospitalea. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.

EiTB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osakidetzak haurdun dauden edo umea berriki izan duten emakumeentzako informazioa eman du, koronabirusari aurre egiteko aholku espezifikoak izan ditzaten. Jarraian, gida hori zehaztuko dugu.

-Haurdun dauden emakumeek infekzioa izateko arrisku handiagorik al dute? Gaixotasun larria izateko arrisku handiagorik al dute? Oso datu gutxi daude eskura COVID-19ak eragindako haurdunei buruz, baina badirudi haurdun dauden emakumeek ez dutela infektatzeko arrisku handiagorik. Koadro klinikoari dagokionez, eta betiere ahalik eta kontu handienarekin, eskuragarri dagoen informazioa mugatua baita, esan daiteke haurdun dauden emakumeek duten klinika, itxura batean, ez dela gainerako herritar gazte eta osasuntsuena baino larriagoa.

-Nola babestu koronabirusaren aurrean, haurdun bazaude? (Munduko Osasun Erakundearen aholkuak) Haurdunek gainerako herritar guztientzakoak diren neurriak ere hartu behar dituzte, COVID-19 gaitzaren aurrean, gomendio hauen bidez:

-Eskuak maiz garbitu, eskuetarako desinfektatzailea erabilita (alkohola duen desinfektatzailea), edo ura eta xaboia baliatuta.

-Gainerako pertsonekiko tartea zaindu, eta toki jendetsuak saihestu.

-Begiak, sudurra eta ahoa ez ukitu.

-Eztul edo doministiku eginez gero, ahoa eta sudurra estali, ukondoa tolestuta edo zapi bat erabilita. Erabilitako zapia segituan baztertu.

-Sukarra, eztula edo arnas egiteko zailtasunik izanez gero, laguntza medikoa bilatu behar da, baina osasun-zentrora joan aurretik abisatu telefonoz eta kasu egin jarraibideei.

-COVID-19a duten emakume haurdunek transmititu ahal diote birusa fetuari edo jaioberriari (transmisio bertikala)? Ikertzen ari diren kontu bat da. Oraingoz, haurdunaldiaren hirugarren hiruhilekoan infektatzen diren emakumeen artean ez dago COVID-19a transmititzen dela esateko ebidentziarik. Dena den, informazio gehiago nahi izanez gero, galdetu emaginari edo ginekologoari.

-Edoskitzaroan, amak COVID-19 gaixotasuna izatea lotuta al dago bularreko umearentzako arrisku potentzial batekin?

-Ez dago nahikoa datu gomendio irmorik emateko koronabirusak kutsatutako emakumeek bularra ematearen inguruan. Hala ere, azpimarratu behar da bularra emateak onura asko dakartzala, hala nola amarengandik umearengana antigorputzak igarotzea. Horregatik, egungo ebidentziaren aurrean, umea jaiotzen denetik bularra emateari eustea gomendatzen da, betiere jaioberriaren eta amaren baldintza klinikoek ahalbidetzen badute.

-Munduko Osasun Erakundeak bularra emateari eustea gomendatzen du, bai kutsadura baieztatuta duten amen kasuan, bai kutsatuta egon daitezkeenen kasuan, betiere tantek eta kontaktuak transmititzen dituzten mikroorganismoen ondoriozko infekzioa prebenitzeko neurriak mantentzen badira. Gaixotasun larria duten amen kasuan, esnea ateratzea gomendatzen du.

-Bularra ematen duten amentzat, jaiotzaren ondo-ondoko alditik kanpo infektatzen badira koronabirusarekin, edo infektatu izanaren susmoa badago, prebentzio-neurri zorrotzak hartzea gomendatzen da (eskuen higienea eta aurpegiko maskara), eta jaioberriari bularra ematen jarraitzea. Beste aukera bat litzateke esnea ateratzea, prebentzio-neurri zorrotzak hartuta, eta hura zaintzaile osasuntsu batek ematea jaioberriari. Ez da beharrezkoa ateratako esnea pasteurizatzea jaioberriari eman aurretik.

 -Haurdunaldian COVID-19 duten ametatik jaiotako haurtxoek kontrako emaitzak izateko arrisku handiagorik al dute? Aztertutako kasuak gutxi dira. Haurdunaldian koronabirusa atzemateko proban positibo eman duten ametatik jaiotako haurtxoen erditze goiztiarren kasu batzuk izan dira, baina amaren infekzioarekin korrelazio argirik gabe. Gaur egun, ez dakigu haurdunaldian COVID-19aren bidezko infekzioarekin lotutako arriskua zein den. Era berean, ez dago informaziorik COVID-19a duten haurtxoen edo umetokian COVID-19a eragiten duten birusaren arriskupean daudenen osasunean epe luzera dauden ondorioei buruz.

-GOGORATU: Munduko Osasun Erakundeak berretsi du haurdun dauden emakumeek eta umea berriki izan dutenek, COVID-19 gaitzak kutsatuta daudenek ere, ohiko hitzordu medikuetara joan behar dutela, eta ez dutela zertan bertan behera utzi pandemiagatik. Horrez gain, sintomak dituzten haurdunei beharrezko probak egiteko lehentasuna ematea eskatu die herrialdeei.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Gaixotasunak bideoak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak gaur Koronabirusaren Eris aldaera gaur Gurasoak