Gizartea -

Koronabirusa

Osakidetzako 1.000 profesionalek baino gehiagok erabateko konfinamendua eskatu dute

Gogorarazi dutenez, "dagoeneko herrialde batzuk erabateko konfinamendura jo dute, kasu kopuru handiak dituzten herrialdeak denak, gure lurraldean gertatzen den moduan".

Osakidetzako langileak. Argazkia: EiTB
Osakidetzako langileak. Argazkia: EiTB
Osakidetzako langileak. Argazkia: EiTB

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osakidetzako sektore guztietako mila profesionalek baino gehiagok "oinarrizkoa ez den jarduera oro eteteko ahal duen guztia egiteko" eskatu diote Eusko Jaurlaritzari, eta ezar dezala "premiaz, herritarren erabateko konfinamendua", Covid-19 koronabirusari aurre egiteko neurri gisa.

"Covid-19ren pandemiari aurre egiteko lehen lerroan" lanean ari diren profesionalek izenpetutako testuan, Jaurlaritzari eskaera argia egin diote: Har ditzala "aurreikuspen okerrenak saihesteko eta kutsatze eta ospitaleratze kopurua ahal den guztia murrizteko bere esku dauden neurri guztiak oinarrizkoa ez den jarduera oro eteteko eta herritarren erabateko konfinamendua ezartzeko, premiaz, berandu izan baino lehen".

Horren harira, gogorarazi dute "dagoeneko herrialde batzuk" jo dutela "erabateko konfinamendura, kasu kopuru handiak dituzten herrialdeak denak, gure lurraldean gertatzen den moduan".

"Hala egin du duela gutxi Italiak, eta hori da osasun publikoko nazioarteko adituek, Txinako Gurutze Gorriak eta Estatuko 70 zientzialarik sinatutako ikerketa batek aholkatzen dutena", azpimarratu dute.

"Garai zailak" bizi dituztela aitortu ostean, "garai zailetan askotan erabaki zailak" hartu behar direla adierazi dute, eta "arazoak, kutsatzeak, sustraitik saihestu" behar direla.

"Ekonomia garrantzitsua da, baina garrantzitsuagoa da bizitza. Erabateko konfinamendua hemen eta orain. Guztion artean lortuko dugu aurrera ateratzea", gaineratu dute oraindik babes gehiagoren bila ari diren Osakidetzako langileek.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Kontseiluaren telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Gaixotasunak Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa