Ekonomia -

Koronabirusa

Azpikontratatutako beharginen enplegua eta lan-baldintzak bermatzeko eskatu du ELAk

"Azpikontratatutako enpresen aldetik azken astean gertatzen ari diren iruzur egoeren aurrean", zaintza "zorrotz" betetzeko eskatu die sindikatuak Jaurlaritzari eta herri-administrazioei.

Langile bat, Bilbon. Argazkia: EFE
Langile bat, Bilbon.
Langile bat, Bilbon. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELA sindikatuak azpikontratetako beharginen enplegua eta lan-baldintzak bermatzeko eskatu die Eusko Jaurlaritzari, Eudeli eta Foru Aldundiei, koronabirusak eragindako alarma-egoerak irauten duen bitartean.

Ohar baten bidez nabarmendu duenez, "langile-klasea pairatzen ari den unea hain zaila delarik", herri-administrazioak berarentzat lan egiten duten beharginen lan-baldintzak babestu behar ditu, baita bitarteko enpresen bidez (azpikontraten bidez) ari direnean ere.

Hori dela eta, "ezin da onartu azpikontratatutako beharginei enplegua, lan-baldintzak zein soldata eskubideak murriztea".

"Azpikontratatutako enpresen aldetik azken astean gertatzen ari diren iruzur egoeren aurrean", zaintza "zorrotz bete" dezatela eta aldi baterako langileei "kontratua eteteko asmorik onar ez dezatela" eskatu die ELAk Eusko Jaurlaritzari eta administrazio publiko ezberdinei, "dagoeneko halako egoerak gertatzen ari baitira".

Halaber, "erabaki politiko bat" hartzeko eskatu die erakundeei, "azpikontratatutako langileek soldataren % 100 jaso dezaten, aparteko ordainsariak barne, eta haien egoerak ez dezan kalterik eragin hartu beharreko urteko opor-egunei dagokienez".

Helburu horrekin, ELAk dagokion informazio guztia eskatuko du EAEko herri-administrazioetan, kontrata bakoitzaren egoera zein den jakiteko eta, egungo alarma-egoeran, "enpresak diru publikoari esker bidegabe aberastea saihesteko".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Kontseiluaren telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Eusko Jaurlaritza ELA Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Sindikatuak Enpresaburuak Koronabirusa Zer egin daiteke Euskadin?