Gizartea -

KORONABULOAK

Ez dago frogatuta makillajeak COVID-19az kutsatzeko arriskua areagotzen duenik

WhatsAppeko audio baten arabera, makillajea eta krema hidratatzaileak erabiliz gero, gaitza hartzeko aukera gehiago daude.

Makillatzeko erabiltzen diren zenbait tresna. Argazkia: Pixabay (Kinkate)
Makillatzeko erabiltzen diren zenbait tresna.
Makillatzeko erabiltzen diren zenbait tresna. Argazkia: Pixabay (Kinkate)

EiTB

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gregorio Marañon ospitaleko ustezko langile batek bidalitako audioak hedapen handia izan du WhatsApp bidez azken egunotan. Audio horretan hitz egiten agertzen  denaren esanetan, "krema hidratatzaileak eta makillajeak" erabiliz gero, koronabirusa hartzeko arriskua areagotuko litzateke, baita "eraztun, eskumutur edo belarritakoekin" zein "azazkalen esmaltearekin" ere.

Hori hala izanik, dozenaka erabiltzaile jarri dira EiTBrekin harremanetan, #Koronabuluak geldiarazteko xedearekin martxan jarritako 600 900 454 WhatsApp zenbakiaren bitartez, eduki horri buruz ohartarazteko.

Era berean, egun hauetan EiTB VOST Euskadirekin (Larrialdietako Euskadiko Boluntario Digitalen Elkartea) zein Maldito Bulo egitasmoarekin dabil harremanetan, koronabirusari buruzko albiste faltsuak geldiarazteko asmoz.

Hala, azken horiek dagoeneko jorratu dute esku artean daukagun gaia, eta ez dute froga zientifikorik aurkitu makillajea, krema hidratatzaileak edota ilea arrisku-faktore garrantzitsutzat jotzeko COVID-19 gaixotasuna hartzeko orduan.

Horrez gain, gaineratu dute Osasunaren Mundu Erakundeak (OME), Osasun Ministerioak edo Gaixotasunak Kontrolatzeko eta Prebenitzeko Zentroek (CDC) ere ez dutela horren inguruko gomendiorik plazaratu.

Honako hauek dira Maldita.es webgunean bildu dituzten datuak:

Lehenik eta behin, gogorarazi behar da, OMEren arabera, pertsona batek COVID-19a har dezakeela birusak kutsatutako beste pertsona batekin kontaktuan egoteagatik, hark eztul edo arnasa egiten duenean sudurretik edo ahotik kanporatzen dituen tantatxoen bidez. Tantatxo horiek kutsatutako pertsonak inguruan dituen objektuen eta gainazalen gainera erortzen dira; horrela, beste pertsona batzuek COVID-19a har dezakete objektu edo gainazal horiek ukitu ondoren euren begiak, sudurra edo ahoa ukitzen badituzte.

Horrenbestez, Sonia Zuñiga Bioteknologia Zentro Nazionaleko ikertzailearen iritziz, "aurpegian krema edo makillajea jartzeak ez luke inolako arriskurik ekarriko, birusa ez baita azaletik xurgatzen". Zuñigaren esanetan, "doministiku edo eztul egin beharko litzaioke kremari, eta gero jan edo sudurretik sartu".

WhatsAppez zabaldutako beste mezu-kate batzuetan, ilearen bidezko kutsaduraz ere hitz egiten da. Horri dagokionez, Zuñigak berak dio egia dela birusak ilean iraun lezakeela, baina bere aburuz hori ez da "azalerarik onena hark bizirauteko". Ondorioz, "oso aukera gutxi daude modu horretan kutsatzeko".

Ildo beretik mintzatu da Monica Berjon Otero doktorea ere, Alemaniako Max Planck Institute for Medical Researchen Birologian eta Biologia Molekularrean espezializatutako ikertzailea. Maldita Cienciari azaldu dionez, "ilean bizirauteko koronabirusaren balizko gaitasuna oraindik ez da modu espezifikoan aztertu"; horregatik, "gai horrekin ez obsesionatzea eta gomendio ofizialei jaramon egitea" gomendatu du, hau da, "aldiro-aldiro eskuak garbitzea eta, oro har, higiene ona izatea".

Kontuan izan osasun-agintariek koronabirusaren aurka emandako aholkuak. Koronabirusaren inguruko albiste faltsuen aurrean, egin kasu bakarrik iturri ofizialek ematen dituzten albisteei. Eta zurrumurru, gezur edo albiste faltsu baten susmorik baduzu, idatzi koronabuloak@eitb.eus helbide elektronikora edo bidali WhatsApp bidez mezu bat 600 900 454 telefono zenbakira. Ez diogu inori zuzenean erantzungo, baina oharrak jaso, aztertu, eta faltsuak direla egiaztatuz gero, Koronabuloak webean aireratuko ditugu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
WhatsApp Sare sozialak albisteak Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Albiste faltsuak Koronabirusa