Gizartea -

Koronabirusa

Kolapsorik ez dagoela eta ZIUko oheen kopurua hirukoiztu dezaketela esan du Murgak

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuaren esanetan, “ez dago esaterik euskal sistema kolapsatuta egon dela, eta oraingoz ez dago hala”.  

Nekane Murga, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua
Nekane Murga, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua
Nekane Murga, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak adierazi du Osakidetza ez dagoela kolapsatuta eta oraingoz ZIUko ohe kopurua “hirukoizteko” ahalmena duela sistemak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan koronabirusari aurre egiteko.

Hori erantzun du Murgak koronabirusaren azken datuen berri emateko prentsaurrekoan, atzo Fernando Simon Espainiako Osasun Alerta eta Larrialdien Zentroko zuzendariak esandakoaz galdetu diotenean. Simonek esan zuen Espainiako sei autonomia erkidegotan ZIUak gainezka egiteko arriskuan daudela eta beste hirutan egoera horretatik gertu daudela.

“Gure sistema ezin izan dute kolapsatutzat hartu, eta oraingoz ez dago hala”, adierazi du Murgak. Horren ildotik, adierazi du ZIUen plan bat landu dutela, eta berorretan “hainbat agertoki” irudikatu dituztela, besteak beste, ZIUko ohe kopurua “hirukoizteko ahalmena”.

Aurreikusitako lau agertokietatik, Araba, birusak gogorren jo duen lurraldea, “3. fasean” dago, eta, Murgaren hitzetan, ohe kopurua handitzeko ahalmena dago oraindik, “eriak beste lurraldeetara aldatu beharrik gabe”. Orain arte “inondik ere” ez da lekualdatzerik izan, haren azalpenen arabera.  

Horren ildotik, iragarri du beste solairu bat egokitzen ari direla Txagorritxu Ospitalean, Gasteizen.

Bizkaia “2. fasean” dago, eta ZIU gisa ABU anestesia ondoko bizkorketarako unitateak eta esnatze gelak erabiltzen ari dira, zeinek jarduera hori egiteko behar den guztia eskaintzen baitute.

ZIUko oheen inguruan “tentsioa” badagoela aitortu eta gero, Murgak esan du Euskadiko sarean oheak daudela eta badagoela “erantzuteko gaitasuna”.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu; Osasun Batzordearen telefonoa, 900 20 30 50 zenbakia, eskuragarri duzu, zalantzarik izatekotan. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak argazkiak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak gaur COVID kasuak