Gizartea -

EiTB Focus

EAEko herritarren ia % 28k ezagutzen dute koronabirusak kutsatutako norbait

Euskal herritarren % 41en iritziz, COVID-19 gaitzaren krisiak 1-2 hilabete iraungo du; ia % 40k, baina, uste dute 3 hilabete edo gehiago iraungo duela.

Koronabirusari buruzko EiTB Focus inkesta. Argazkia: EiTB
Koronabirusari buruzko EiTB Focus inkesta. Argazkia: EiTB
Koronabirusari buruzko EiTB Focus inkesta. Argazkia: EiTB

EiTB

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEko herritarren % 27,6k ezagutzen dute, "zuzenean eta pertsonalki", koronabirusa duen pertsonaren bat, hemeretzigarren EiTB Focus inkestaren bigarren aleak ondorioztatu duenez. Asteleheneko lehen parteak egin zuen bezala, COVID-19 gaitzak Euskadin eta mundu osoan sortutako krisia izan du hizpide inkestak; horren arabera, euskal herritarren % 41ek uste dute krisiak 1-2 hilabete iraungo duela, baina ia % 40ren iritziz baliteke 3 hilabete edo gehiago irautea.

Lehen partean, hemeretzigarren EiTB Focus inkestak argi utzi zuenez, euskal herritarrek uste dute koronabirusak gogor joko duela ekonomia; hala uste zuten inkestatuen % 90ek baino gehiagok Euskadiko ekonomiari dagokionez, eta % 95ek baino gehiagok Espainiari eta munduari dagokienez. Alarma-egoeraren bigarren astean egin zuten inkesta.

EiTB Taldearen makroinkestak oraingoan agerian utzi du euskal herritarren % 27,6k ezagutzen dutela, zuzenean, COVID-19 gaitza duen edo izan duen pertsonaren bat. % 71k, aldiz, ez du koronabirusak jotako inor ezagutzen.

eitb focus koronabirusa

Koronabirusaren krisiaren iraupenaz galdetuta, herritarren % 41,5ek uste dute 1-2 hilabete iraungo duela; % 21en iritziz, krisiak 2-3 hilabete iraungo du; inkestatuen % 18k, baina, 3 hilabetetik gora iraungo duela esan dute.

eitb focus koronabirusa

Herritarren % 53,4ren ustez, krisi honek ez du aldaketarik ekarriko kontsumo-ohituretan (adibidez, kontsumo jasangarriaren aldeko apustua egiteko); % 39,4k, aldiz, baietz pentsatzen dute.

eitb focus koronabirusa

Inkestatuen ia % 10ek aitortu dute erosketak egitera joan direla alarma-egoeran, nahiz eta premiazko beharrik ez izan, arnasa hartzeko.

eitb focus koronabirusa

Testuinguru horretan, EAEko herritarren ia % 30ek adierazi dute ezagutzen dutela auzoan konfinamendua betetzen ari ez den inor. % 64,3k, alabaina, erantzun dute ez dutela ezagutzen horrelakorik.

eitb focus koronabirusa

Erositako elikagaien kopurua eta Interneten bidezko erosketak

EAEko herritarren % 72,9k ez dute ohi baino elikagai gehiago erosi konfinamendua hasi zenetik. % 27k, berriz, bai egin dute; nabarmentzekoa da 18 eta 35 urte arteko gazteen % 34,2k aitortu dutela normalean baino elikagai gehiago bildu dituztela, baina 65 urtetik gorakoen artean % 15,3k egin dute, horien esanetan.

eitb focus koronabirusa.

Internet bidez erosketak egin dituzten galdetuta, euskal herritarren % 79,4k zehaztu dute ez dutela sarean erosketa gehiago egin krisia hasi zenetik.

eitb focus koronabirusa

Fitxa teknikoa

Gizakerrek EiTBren informazio-zerbitzuetarako egindako inkesta EAEn bizi diren 600 pertsona elkarrizketatuta egin da (Arabako 200, Bizkaiko 200 eta Gipuzkoako 200) 

La= ±% 2,83, konfiantza-maila % 95, p=q=0´5, EAEko datuetarako.

Inkesten % 24,5 euskaraz egin dira, eta gainerako % 75,5a, gaztelaniaz. Inkesta hori egiteko hautatutako udalen populazio-tamainagatik haztatutako erabateko emaitzak dira.

Landa-lana 2020ko martxoaren 24an eta 25ean egin zuten, elkarrizketak telefonoz eginez. Galdeketen batez besteko iraupena 6,66 minutukoa izan zen: motzenak 4 minutu iraun zuen, eta luzeenak, 13 minutu.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu; Osasun Batzordearen telefonoa, 900 20 30 50 zenbakia, eskuragarri duzu, zalantzarik izatekotan. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Errusiaren inbasioak eragindako krisia Langabezia Euskal Herrian Azken ordukoa Bizkaia Gipuzkoako albisteak Araba EAE albisteak Gaixotasunak argazkiak Gizartea Ekonomia berriak Eguneko albisteak Albisteak EiTB Focus albisteak COVID kasuak