Gizartea -

KORONABULOAK

Ez, RAIren bideo batek ez du frogatzen koronabirusa Txinan sortu zela 2015ean

Italiako telebista publikoak 2015ean emandako 'TGR Leonardo' programari dagokion bideo batean, Txinan artifizialki sortutako "superbirus" bat aipatzen da, eta bolo-bolo dabil WhatsAppetik.

WhatsApp bidez hedatu den RAIren bideoa. Argazkia: EiTB
WhatsApp bidez hedatu den RAIren bideoa.
WhatsApp bidez hedatu den RAIren bideoa. Argazkia: EiTB

EITB

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken egunotan, izugarri hedatu da WhatsApp bidez 2015eko azaroan RAI Italiako telebista publikoak emandako programa batetik ateratako bideo bat. Bertan, Txinako laborategi batean sortutako koronabirus bati buruz hitz egiten da, gizakiei eragin diezaiekeena. Bideoak oihartzun handia izan du sare sozialetan, COVID-19 gaitzaren pandemia eragin duen SARS-CoV-2 koronabirusarekin izan ditzakeen ustezko antzekotasunak direla eta.

Hori hala izanik, dozenaka erabiltzaile jarri dira EiTBrekin harremanetan, #Koronabuloak geldiarazteko xedearekin martxan jarritako 600 900 454 WhatsApp zenbakiaren bitartez, eduki horri buruz ohartarazteko.

Egun hauetan, Euskal Irrati Telebista Maldita.es webguneko Maldito Bulo atalarekin dabil harremanetan, koronabirusari buruzko albiste faltsuak geldiarazteko asmoz. Hala, azken horrek dagoeneko jorratu du esku artean dugun gaia, eta bulo baten aurrean gaudela ondorioztatu du; izan ere, "ez dago froga zientifikorik" koronabirusa gizakiak sortu duela pentsarazteko.

Honako hauek dira Maldita.es webgunean bildu dituzten datuak:

2015eko azaroaren 12an, Nature aldizkari zientifikoak ikerketa-talde batek egindako aurkikuntzari buruzko artikulu bat argitaratu zuen. Artikulu horren esanetan, ikerlari horiek "gizakiak saguzar-koronabirusarekin zuzenean infektatzeko era" aurkitu zuten, bitarteko beste animalia batean eboluzionatzeko behar izanik gabe.

Lau egun geroago, azaroaren 16an, RAI telebistak Txinako ikertzaile talde batek garatutako ikerketa bati buruzko erreportajea eman zuen. Erreportajearen esanetan, zientzialari horiek SARSa (Arnas Sindrome Akutu Larria) eragiten duen "superbirus" bat sortu zuten artifizialki, "saguzar batengandik gizakiarengana zuzenean igarotzeko gaitasunarekin, tarteko espezie batetik igaro gabe".

Erreportaje hori TGR Leonardo informazio zientifikoan espezializatutako programaren barruan eman zuen RAIk, eta, oraindik ere, ikusgai dago saioaren webgunean (4:55 minututik aurrera).

Nature aldizkariaren azalpenak

Azkenaldian jazotako gertakariek eragindako zalapartaren aurrean, Nature aldizkariak ohar argigarri bat gehitu berri du gorago aipatutako artikuluaren goiko aldean. Ohar horretan jasotzen denez, artikuluan aipatzen den koronabirusa ez da SARS-CoV-2 koronabirusa.

Gaineratutako oharrak honela dio: "Jakin badakigu gai hau oinarri gisa erabiltzen ari dela egiaztatu gabeko teoriak eraikitzeko, COVID-19 gaitza sortzen duen koronabirus berria artifizialki diseinatua izan zela adierazten dutenak. Ordea, ez dago frogarik hori hala dela esateko. Zientzialarien ustez, aski litekeena da animalia bat izatea koronabirusaren iturburua".

SARS-CoV-2aren jatorri artifiziala baztertzen dute

Halaber, hainbat eta hainbat argitalpen zientifikok baztertu egin dituzte SARS-CoV-2 koronabirusaren jatorri artifiziala defendatzen duten teoriak.

Horrela, koronabirus berriaren krisia gertutik jarraitu duten osasun publikoan adituak diren hainbat zientzialarik ohar bat plazaratu zuten The Lancet agerkarian, egungo koronabirusa "bizitza basatian" sortu zela adierazteko.

Virological foro zientifikoan agertutako beste artikulu bat ere koronabirus berria laborategi batean sortu izanaren aurka ageri da.

Ildo beretik, Nature Medicine aldizkariko beste argitalpen batean, nazioarteko hainbat zientzialarik irmotasunez adierazi dute beren analisiek garbi erakusten dutela SARS-CoV-2a ez dela laborategiko sorkuntza edo nahita manipulatutako birusa.

Maldita.es webguneaz aparte, EiTBk VOST Euskadi (Euskadiko Larrialdietako Boluntario Digitalen Elkartea) ere bidelagun du buloei aurre egiteko xede horretan. Horrez gain, Eva Caballero kazetariak zuzendutako Radio Euskadiko La Mecánica del Caracol zientzia eta teknologiari buruzko dibulgazio-programan parte hartu ohi duten adituen laguntza ere badauka.

Kontuan izan osasun-agintariek koronabirusaren aurka emandako aholkuak. Koronabirusaren inguruko albiste faltsuen aurrean, egin kasu bakarrik iturri ofizialek ematen dituzten albisteei. Eta zurrumurru, gezur edo albiste faltsu baten susmorik baduzu, idatzi koronabuloak@eitb.eus helbide elektronikora edo bidali WhatsApp bidez mezu bat 600 900 454 telefono zenbakira. Ez diogu inori zuzenean erantzungo, baina oharrak jaso, aztertu, eta faltsuak direla egiaztatuz gero, Koronabuloak webean aireratuko ditugu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Albiste faltsuak Koronabirusa