Gizartea -
Istripua
Kamioi baten atoiak su hartu eta A-1 errepidea moztu behar izan dute Agurain parean
A-1 errepidea bi noranzkoetan moztu behar izan dute 380. kilometroan, hozkailu-kamioi baten atoiak su hartu ostean.
Agentziak | Erredakzioa
Hozkailu-kamioi baten atoiak su hartu du A-1 errepidean, Agurain (Araba) parean, eta errepidea moztu egin behar izan dute bi noranzkoetan. Istripua astelehen honetako 12:40ean gertatu da.
Irungo noranzkoan zihoan MAN markako kamioi baten behealdean hasi da sutea, ustez gurpil batean. Ondoren, atoiak su hartu du. Konkretuki, A-1 errepideko 380. kilometroan jazo da.
Ertzaintzak EFE agentziari esan dioenez, gidaria ondo dago, egoeraz jabetu da, eta traktoreak su hartu aurretik askatu du atoia, traktoreak kalterik jasan ez zezan.
Suhiltzaileek sutea itzaltzea lortu dute, ordubeteko lanaren ostean, eta A-1 errepidea ireki dute Gasteizko noranzkoan. Bi kilometroko ilarak eragin ditu gertakari honek.