Gizartea -
Koronabirusa
Gizon bat salatu dute Castejonen konfinamendua urratu eta drogan positibo emateagatik
Gainera, 4 gramo marihuana zeramatzan aldean. Foruzaingoak 1.042 pertsona salatu ditu, martxoaren 14an ezarritako alarma-egoerak dakartzan mugikortasun-baldintzak ez errespetatzeagatik.
eitb.eus
Foruzaingoak 59 urteko gizon bat salatu du Castejonen, koronabirusaren agerraldiari aurre egiteko asmoz alarma-egoera indarrean sartu zenetik ezarritako konfinamendua ez errespetatzeagatik.
Gizona bizikletan harrapatu zuten atzo, igandea, eta supermerkatura zihoala esan zuen, saltokiak itxita egon arren. Une horretan, agenteek drogak detektatzeko proba egin zioten, eta, anfetaminan positibo eman ondoren, drogen eraginpean gidatzeagatik ere salatu zuten. Gainera, 4 gramo marihuana zeramatzan aldean.
Foruzaingoak ohar baten bidez azaldu duenez, azken 24 orduetan lau pertsona salatu dituzte Castejonen, "justifikaziorik gabe" ateratzeagatik etxetik, besteak beste, mintzaleku batera metxero bat erostera, auto bat martxan jartzera edo ilea mozteko makina bat hartzea zihoazela argudiatu ondoren.
Orain arte, Foruzaingoak 1.042 pertsona salatu ditu, martxoaren 14an ezarritako alarma-egoerak dakartzan mugikortasun-baldintzak ez errespetatzeagatik eta Herritarren Segurtasunari buruzko 4/2015 Lege Organikoari kasurik ez egiteagatik.
Arau-hauste horiek guztiek zehapen-espediente bana irekitzea ekarriko dute hutsegite larriagatik, eta 601 euroko isuna ezarriko diete gutxienez. Halaber, 11.831 pertsona identifikatu dituzte azken asteetan, eta 11.794 ibilgailu kontrolatu.
Atzo, 57 salaketa jarri zituzten. Corellan, esaterako, bi orduko tartean bi aldiz jarri zioten isuna bizilagun bati: lehenengoa, N-113 errepidean, arrazoi justifikaturik gabe autoa gidatzeagatik, eta bigarrena, herrigunean, arrazoi beragatik. Halaber, hirugarren arau-hauste batek desobedientzia larriagatik atxilotzea ekarriko lukeela ohartarazi zioten.
Valtierran, N-113 errepidean, landa-bide batetik sartzen ari zen gizon bat salatu zuten, ez zuelako horretarako arrazoia eman. Gainera, ibilgetu egin zuten haren autoa, ez zuelako Ibilgailuen Azterketa Teknikoa (IAT) eginda, eta arau-hauste oso larria egotzi zioten, THC izenarekin ezagutzen den substantzi batean positibo eman zuelako.
Valtierran bertan, txakur bat paseatzen ari zen gazte bat salatu zuten, bere etxetik hiru kilometrora zegoela jakinda mugikortasun araua haustea leporatuta.