Gizartea -
Webgunearen bidez
Osakidetzak txatbot bat jarri du martxan herritarrei koronabirusaz informatzeko
COVID-19ari buruz informazioa eskainiko du. "Gaixotasunari buruz gehiago jakin nahi duen edonor erantzunik gabe ez geratzea" da helburua.
Agentziak | Erredakzioa
Osakidetzak txatbot bat jarri du martxan herritarrei COVID-19ari buruzko informazioa eskaintzeko. Bere webgunearen bitartez egingo du, komunikazio digitaleko kanal berria sortu duen Ibermatica enpresak jakinarazi duenez.
Txatbot honek osatu egingo du Osakidetzak bere webgunean idatziz ematen duen informazioa, baita 900 203 050 telefono zenbakiaren bitartez emandakoa, sare sozialetan publikatzen duena edota oraintsu atera duen aplikazioaren bitartez eskainitakoa, "gaixotasunaz gehiago jakin nahi duen edozein pertsona erantzunik gabe geratu ez dadin", azaldu du Ibermaticak.
Laguntzaile birtualak Maia du izena, eta webgunearen behealdeko eskuineko partean irekiko da automatikoki. "Informazio-kontsultei bizitasuna emango die, galdera konkretuei hizkuntza natural batean emango den elkarrizketaren bidez", azaldu dute.
Gainera, gaixotasunaren sintomak dituzten pertsonei auto-test bat egiteko aukera emango die, baita unean-unean behar dituzten aholku egokiak ere. Ohiko galderei ere ematen dizkie erantzunak, euskaraz zein gaztelaniaz.
Momentuz, tresna hau koronabirusarekin zerikusia duten kontsultetarako bakarrik da, ez bestelakoak argitzeko, baina zerbitzu honen bitartez gero eta zalantza gehiago argitzen joatea espero dute.