Gizartea -

KORONABIRUSA

Auzitegi Nagusiak langileak babes ekipamenduez hornitzeko eskatu dio Ambuibericari

24 orduko epean langileei maskarak, txabusina iragazgaitzak, erabili eta botatzeko eskularruak eta babes-betaurrekoak emateko eskatu dio.

Anbulantzia bat. Irudia: EFE
Anbulantzia bat
Anbulantzia bat. Irudia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak 24 orduko epean langileei maskarak, txabusina iragazgaitzak, erabili eta botatzeko eskularruak eta babes-betaurrekoak emateko eskatu dio Ambuiberica enpresari, baita gel hidro-alkoholikoa ere, Covid-19 gaitzetik babesteko.

Horrela, auzitegiak neurri batzuk onartu ditu ELA sindikatuak Ambuiberica enpresaren aurka asteartean aurkeztutako salaketan, "langileen osasunerako eta bizitzarako eskubidea urratzeagatik" alarmaren-egoeran.

ELAk Ambuibericaren aurkako salaketa bat erregistratu zuen EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Lan Arloko Salan, oinarrizko eskubideen (osasunerako eskubidea, bizitza eta osotasun fisikorako eskubidea) babesaren arloan.

Era berean, sindikatuak "kautelazko neurriak hartzea zuzendaritzek berehala eta premiaz eman diezaieten norbera babesteko ekipamenduetako langile homologatu guztiei, eta segurtasun-protokoloak, Lan Ikuskaritzaren eskakizunak eta Osalanen gomendioak bete ditzaten" eskatu zuen. Eskarian, gainera, "langileen osasuna bermatzen ez den egun bakoitzeko, isuna jartzea" eskatu du sindikatuak.

Ambuiberica EAEko larrialdietako garraio sanitarioko sarerako (RTSU) osasun-larrialdietarako garraio eta laguntza zerbitzua emateko kontratuaren esleipenduna da. Bizkaian 32 base ditu, eta Gipuzkoan 15. Gutxi gorabehera, 825 langile ditu.

Halaber, Auzitegi Nagusiak enpresari eskatu dio 24 orduko epean koronabirusetik eratorritako agente biologikoen eraginpean egondako arropak biltzeko, garbitzeko, deskontaminatzeko eta, hala badagokio, suntsitzeko sistema bat izan dezala.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu. Era berean, zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, edo eta garraio publikoa erabiltzen baduzu. Dena dela, horien erabilera ez da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa ELA Lana Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Sindikatuak Lan gatazkak Koronabirusa EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiak