Gizartea -
Indakeria matxista
Hiru gizon atxilotu dituzte Bizkaian eta Gipuzkoan, genero indarkeria egotzita
Ertzaintzak atxilotu ditu 44 eta 55 urte arteko gizonezkoak, Erandion, Santurtzin eta Donostian.
Agentziak | Erredakzioa
Ertzaintzak 44 eta 55 urte arteko hiru gizonezko atxilotu ditu Erandio eta Santurtzi Bizkaiko udalerrietan eta Donostian, genero indarkeriaren delituak egin izana leporatuta.
Lehen atxiloketa atzo, osteguna, goizean egin zuten, Erandion, emakume batek senarrak egindako eraso baten biktima izan zela salatu eta gero.
Biktimak kontatu zuenez, irainak eta heriotza mehatxuak jaso ohi ditu, eta erasoak ere pairatu ditu aurretik. Biktimak kontatutakoa entzun eta gero, ustezko erasotzailea kalean aurkitu, eta atxilo eraman zuten.
Etxebizitzan, agenteek 49 urteko atxilotuaren su arma bat aurkitu zuten. Atxilotu eta gero, epaileak emakumearenganako urruntze agindua ezarri zuen.
Bigarren atxiloketa bart egin dute, Donostia erdiguneko kale batean. Salaketa jarri zuen emakumearen arabera, bikotekideen arteko elkarbizitza “zaila” da, hainbat urte daramatza tratu txar fisiko eta psikikoak jasaten eta gizonezkoak arma labur batez mehatxatu du zenbait aldiz.
Agenteek egiaztatu dute emakumeak ageriko ubeldurak zituela besoetan, eta gizonezkoa atxilotu dute. Etxebizitza miatzean, arma labur detonagailu bat aurkitu dute ohe bateko koltxoiaren azpian.
Horrez gain, kasu honetan, emakumeari ere etxeko indarkeria egotzi diote eta eginbideak abiatu dituzte, gizonezkoak ere zauri batzuk baitzituen hankan.
Azkenik, goizaldean beste gertakari biolento bat izan da Santurtzin. Salaketa jarri duen emakumearen arabera, familiako eztabaida batean, senarrak bera eta alaba kolpatu ditu.
Emakumeek erasoaren zantzu argiak zituztela ikusi dute agenteek, eta ustezko erasotzailea, polizia aurrekariak ugari dituen 55 urteko gizonezko bat, atxilotu dute.
-------------
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta/edo deitu doako telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.