Gizartea -
Koronabirusa
Lehen eguna Arabako egoitzetan hildakorik izan ez dela martxoaren 26tik
146 dira Covid-19aren ondorioz hil direnak Gipuzkoako egoitzetan, azken orduetan beste bost pertsona hil ondoren.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Arabako Foru Aldundiak jakinarazi du martxoaren 26tik "lehen aldiz" ez dela hildakorik izan lurraldeko adinekoen egoitzetan, joan den igandean, apirilaren 19an, emandako datuen arabera.
Emilio Sola Gizarte Politiketako diputatua arduratu da Aldundiak egunero eskaintzen dituen egoitzen inguruko zifrak eguneratzeaz, bi eguneko tartearekin; beraz, asteon igandeko datuak jakinarazi dira. Egoitzetan hildakorik gabeko aurreko eguna martxoaren 26a izan zen, nahiz eta hil bereko 28an jakinarazi zen.
Solak adinekoentzako zentroetako erabiltzaileen 131 heriotza zenbatu ditu, "akatsez iragarritako hiru heriotza kendu ostean, benetan ez baitzen horrela izan".
131 egoiliar horietatik, 70 zentro pribatuetan bizi ziren, 59 foru-baliabideetan eta 2 lurraldeko herrietako udal-ekipamenduetan. Horrez gain, Gasteizko San Prudentzio udal egoitzan 11 hildako izan dira. Hortaz, guztira 142 adineko hil dira.
Kutsatutako pertsonak 18 gutxiago dira, orotara 338, "apirilaren 5etik izan den kopururik txikiena". Gainera, beste 67 pertsona sendatu dira, Aldundiaren balantze berriaren arabera, "covid-19arekin baieztatutako kasu batzuen bikoizketak ikusi ostean".
Egoitzak arduratzen dira koronabirusa duten pertsona gehienak artatzeaz (316). Ospitaleetara, berriz, 22 bideratu dituzte, osasun egoera larrian daudelako. Positibo guztien artean, 207 zentro pribatuetako erabiltzaileak dira, 122 foru-egoitzetakoak eta gainerako 9 udal-ekipamenduetakoak.
Solak adierazi duenez, 24 egoitza publikotako erabiltzaileen "ia % 90i" testak egin dizkietela jakinarazi du, baita kasu positiboak dituzten egoitza pribatu guztietan ere, eta "ia % 100ean emaitza negatiboa ematen dute".
Bestalde, 146 dira Covid-19aren ondorioz hil direnak Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzetan, azken orduetan beste bost pertsona hil ondoren. Horrez gain, 13 positibo berri izan dira eta hiru egoiliar sendatu dira.
Eider Mendoza Aldundiko bozeramaileak jakinarazi duenez, GSR Aretxabaleta (1), Berra (1) eta Argixao (3) egoitzetan eman dira azken heriotzak.
Guztira, 106 dira gaixotasuna gainditu duten nagusiak, 146 hildakoak eta 279 kutsatuta daudenak.
16 dira oraindik ere kasu positiboak dituzten egoitzak. 42 adinekok Donostiako Gurutze Gorriaren zentroan jarraitzen dute, eta 35ek ospitalean.