Gizartea -

Koronabirusa

Hezkuntza plan "errealista" eta adostua eskatu dute EH Bilduk eta Podemosek

ELA eta LAB sindikatuak ere kritiko agertu dira Jaurlaritzaren planarekin.

Gasteizko Odon Apraiz ikastola. Argazkia: Efe
Gasteizko Odon Apraiz ikastola. Argazkia: Efe
Gasteizko Odon Apraiz ikastola. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek Eusko Jaurlaritzari eskatu diote hezkuntza komunitatearekin adostu dezala Hezkuntza Sailak aurkeztu duen ebaluaziorako eta normaltasunera itzultzeko plana, eta horrelako dokumentu batek neurri "argiak eta errealistak" planteatu behar dituela ohartarazi dute.

Bi alderdiek legez besteko proposamen bat erregistratu dute Eusko Legebiltzarrean, eta, koronabirusaren pandemia dela eta, aurrez aurreko irakaskuntza-jarduera bertan behera uztearen aurrean premiazkoa dela hezkuntza-komunitatearekin "adostutako irtenbidea" hartzea ikasturtea amaitzearen inguruan nabarmendu dute.

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek hezkuntza-sistema osatzen duten eragile, sindikatu eta erakundeekin adostu dezala Hezkuntza Sailak aurkeztu duen plana eskatu diote Jaurlaritzari. Plan horretan, ikasleen azken ebaluazioak egiteko irizpideak ezartzen dira, eta irakaskuntza-jarduera presentzialera pixkanaka itzultzen hasteko aukera aipatzen da.

ELA sindikatuak kritikatu egin du Hezkuntza Sailak ikasturtea ixteko jarraibideak iragarri izana hilaren 29rako sindikatuekin deituta duen bileraren aurretik.

ELAren ustez, Eusko Jaurlaritzak "nahiko argi utzi du asmoa ikasle batzuk ikasturtea amaitu baino lehen eskola presentzialetara itzultzea dela", eta sindikatu horrek baztertu egiten du hori, "hezkuntza komunitate osoaren eta, beraz, gizarte osoaren osasuna eta segurtasuna arriskuan jar dezakeelako".

LAB sindikatuak ikasturte amaierarako Hezkuntza Planak ez diela "hezkuntza komunitatearen beharrei erantzuten" uste du, eta, gainera, "astebeteko atzerapenarekin iristen da, gutxienez".

Zentral abertzaleak atzerapen hori "ulertezina" dela uste du. Izan ere, "Madrildik ezarritako jarraibideei jarraitzen die planak, eta Isabel Celaa Hezkuntza ministroak iragarritako malgutasun-elementu txikiak baino ez ditu sartzen", adierazi du sindikatuak.

Ikasturte amaierako plana hezkuntza komunitatearekin adostu behar zela uste du Steilas sindikatuak. Izan ere, "bizitzen ari garen krisi egoerak prozedurak behar ditu, eta, ahal izanez gero, adostutako erabakiak".

Sindikatuak ohar batean azaldu duenez, Hezkuntza Sailak hartutako neurri guztiek eragina dute langileen lan-baldintzetan, baina "gaur egun ez dago inolako negoziazio esparrurik aldaketa horiei guztiei heltzeko, ezta ikastetxeei 2020/21 ikasturterako eman beharko zaizkien baliabideak negoziatzeko ere". Hori dela eta, gai hori lantzen hasteko eskatu du.

Ikastolen Elkarteak "positibotzat" jo du zentro bakoitzak bere ebaluazio propioa egitea, horrek aukera ematen baitu "ebaluazio hezigarri bat egiteko", "ikasketa-prozesuan oinarritutako ebaluazioa, bizitzen ari garen egoerari egokitutakoa, ikasle bakoitzaren inguruan eginikoa, beti ere, kontutan izanda ikasle asko egoera berezian daudela, arlo guztietan (emozionalean, teknologikoan, ekonomikoan, familiarrean…)”.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu. Era berean, zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, edo eta garraio publikoa erabiltzen baduzu. Dena dela, horien erabilera ez da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Langileen Alkartasuna LAB Euskal Autonomia Erkidegoa Alderdi politikoak Gizartea EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Euskadiko Podemos-eko albisteak Hezkuntza Sindikatuen albistea