Gizartea -

Koronabirusa

Osakidetzak kutsatzeen hedapen maila neurtzeko bi plan abiatu ditu gaur

5.000 herritarrek seroprebalentziari buruzko ikerketa batean parte hartuko dute, eta 4.000 baino gehiagok galbahetze selektiboko beste ikerketa batean, sintomak izan dituztenei zuzendutakoa.

Planetan milaka pertsonek hartuko dute parte eta odol-laginak hartuko zaizkie. Irudia: EFE
Planetan milaka pertsonek hartuko dute parte eta odol-laginak hartuko zaizkie
Herritarren immunitate maila neurtzeko testak egiten hasi da Osakidetza

1:43

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osakidetzak laginketa prozesua hasiko du gaur, astelehena, Estatu mailan Carlos III.a Institutuak egingo duen seroprebalentzia ikerketa egiteko. Horrekin batera, euskal osasun sistemak beste ikerketa bat abiatu du, galbahetze selektiboko plana, gaixotasunak eragin handiena izan duen momentuetan COVID-19aren sintomak agertu baina probarik egin ez zituztenen artean.

Bigarren proba hau 08:00etan hasi dute. Bilbon, Zazpikaleetako eta San Inazioko zentroetan egingo dute; Gasteizen, Lakua-Arriagakoan; eta Arrasaten, osasun zentroan.

Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak COVID-19aren datuen berri emateko ostegunean egindako agerraldi telematikoan azaldu zuenez, bi ikerketak aldi berean egingo dituzte eta kutsatzeen "benetako dimentsioa" ezagutzeko balioko dute. Halaber, pandemiari "modu eraginkor eta seguruan" aurre egiteko neurriak hartzea erraztuko du.

Horrela, Osakidetzak gaur bertan hasiko du laginketa prozesua herritar guztiei zuzendutako seroprebalentziaren ikerketan, aurkeztutako 5.000 boluntarioen artean.

Murgak azaldu zuenez, ikerketa horretan aukeratutako etxebizitzetan bizi diren herritarrek parte hartuko dute, eta inkesta bat eta analisi azkar bat egingo dizkiete. Horrekin batera, odol laginak hartuko diete osasun zentroetan. Prozesua hiru aldiz egingo dute datozen asteetan.

Galbahetze selektiboa

Astelehenean, galbahetze selektiborako plana ere abiatu dute pandemiaren momenturik larrienean COVID-19arekin bateragarriak izan zitezkeen arnasa hartzeko zailtasunak izan zituzten herritarrekin. Ikerketan parte hartuko duten herritar horiei ez zitzaien testik egin, baina balizko kasuak balira bezala sailkatu zituzten.

Lehen fase batean, 4.147 herritarri egingo dizkiete probak, gaixotasuna horietariko zenbatek izan duten jakin eta immunizatuta dauden ikusteko. Serologia testa egingo diete.

Osasun Batzordea asteazkenean hasi zen boluntarioei hitzorduak ematen gaurtik aurrera dagokien osasun zentroetan odol laginak hartu ahal izateko.

Programan parte hartu dutenek (dagoeneko PCR proba bat egin zaienek eta une honetan gaixotasunaren sintomak dituztenek ez dute parte hartu) gutxienez duela 40 egun diagnostikatu behar izan dituzte.

Bi ekimen horien helburua COVID-19aren aurkako antigorputzak garatu dituzten biztanleen ehunekoa ezagutzea da. Informazio horrek pandemiaren bilakaera ulertzea erraztuko du, eta garrantzitsua izango da osasun publikoko erabakiak hartzeko.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun zentrora deitu. Era berean, zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, edo eta garraio publikoa erabiltzen baduzu. Dena dela, horien erabilera ez da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza berriak EAE albisteak Gaixotasunak albisteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak COVID kasuak