Gizartea -

KORONABIRUSA

43 hildako EAEn eta zortzi Nafarroan azken orduetan COVID-19aren ondorioz

Euskadik 392 positibo berri zenbatu ditu eta Nafarroak 105, Eusko Jaurlaritzaren eta Foru Gobernuaren datuen arabera.

Seigarren osasun alerta astea. Argazkia: EFE
Erizain bat ebakuntza-gela bati begira
43 hildako eta 392 kutsatu berri EAEn, azken orduetan

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

COVID-19ak eragindako pandemiaren ondorioz, 43 pertsona hil dira EAEn azken orduetan eta 392 positibo gehiago zenbatu dituzte, Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak ostegun honetan jakitera eman duenez.

Horrela, bikoiztu egin da hildakoen kopurua: aurreko egunean baino 22 hildako gehiago izan dira. Era berean, kutsatze berriek gora egin dute, 158 gehiago, aurreko eguneko 234en aldean.

Gaur arte, 1.167 pertsona hil dira EAEn, eta 13.436 kutsatu dira. Azken horietatik, 11.789 PCR bidez berretsi dira eta 1.647 test serologikoen bidez. Ospitaleratutakoak 6.260 dira orotara, atzo baino 59 gehiago.

Osasun Sailaren datuen arabera, 516 gaixo daude Euskadiko zainketa intentsiboetako unitateetan, hau da, atzo baino hiru gehiago, eta sendatutako pertsonak 8.136 dira, hau da, atzo baino 485 gehiago.

Datuak lurraldez lurralde aztertuta, 3.368 positibo daude Araban (14 ospitaleratuta); 7.633 Bizkaian (498 ospitaleratuta), eta 2.435 Gipuzkoan (197 ospitaleratuta).

Sailburuak deitoratu egin du EAEko heriotza kopurua izatea daturik "urragarriena", baina gainerako parametroetan sendotze positiboa ematen ari dela azpimarratu du. Ildo horretan, ospitaleetako egoerak "hobera" egin duela esan du.

Bestalde, Murgak iragarri duenez, 4.147 pertsonari zuzendutako baheketa selektiboko plan bat jarriko dute martxan astelehen honetan, lehen fase batean. Sintomengatik bere garaian COVID-19 gisa diagnostikatu ziren baina testik egin ez zitzaien pertsonei zuzenduta dago, gaixotasuna zenbat aldiz pasatu duten eta immunizatuta dauden egiaztatzeko.

Baheketa selektibo hori seroprebalentzia-azterketarekin batera hasiko da, kasu honetan biztanleria orokorrari zuzenduta, Carlos III.a Osasun Institutua buru dela. Osasun Sailak eta Osakidetzak astelehenetik aurrera garatuko dute Euskadin, euren borondatez parte hartu nahi duten 5.000 pertsona baino gehiago aztertuta.

Nekane Murgaren hitzetan, biztanleriaren immunitate-maila aztertzeko bi tresna osagarri dira, "pandemiaren benetako dimentsioa hobeto ezagutzeko eta, ondorioz, osasun publikoko neurriak egokitzeko, ahalik eta modu eraginkor eta seguruenean aurre egiteko".

Nafarroan, 105 kasu positibo gehiago zenbatu dituzte azken 24 orduetan (pandemia hasi zenetik, 5.063) eta zortzi hildako (409 gaixo hil dira jada). 409 gaixo horietatik, 292 ospitalean hil dira, eta 117, berriz, ospitaletatik kanpo. 26 eta 107 urte artean zituzten, baina batez besteko adina 83 urtekoa da, Foru Gobernuak ohar baten bidez jakinarazi duenez.

Nafarroako kasu positibo guztietatik, 4.994 baieztatutako kasuak dira, eta horiei 69 gehitu behar zaizkie, antigorputzen testean positibo eman arren proba egiteko unean sintomarik ez dutenak. Baieztatutako kasu guzti horietatik, 229 ospitaleratuta daude, 74 etxean, eta 48 zainketa intentsiboetan; gainerakoak, 2.858 etxean, 1.445 pertsona sendatuta eta 409 hilik.

Pandemia hasi zenetik 128 gaixo ospitaleratu behar izan dituzte zainketa intentsiboetako unitateetan.

Ospitaleratzeen kasuan, 1.907 pertsonak osasun zentroetan egon behar izan dute, horietako 13k azken 24 orduetan.

Halaber, Foru Erkidegoan 1.445 pertsona sendatu dira jada, hau da, 129 gehiago azken 24 orduetan.

Intzidentziari dagokionez, Nafarroako Foru Erkidegoan 216,90 pertsona kutsatu dira 100.000 biztanleko azken 14 egunetan.

Nafarroako Gobernuak ohar baten bidez jakitera eman duenez, Nafarroak bikoiztu egin du koronabirusa detektatzeko PCR probak egiteko gaitasuna.

Asteazken honetan 913 test egin zituzten, eta egunero 1.400 azterketa egitea aurreikusi dute. Zentzu horretan, asteazken honetan aztertutako kasuen % 5,59k bakarrik eman duela positibo adierazi dute.

Ipar Euskal Herria

Ipar Euskal Herriko egoera zein den zehaztea, berriz, ez da erraza. Agintariek ez dute Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoari buruzko datu ofizialik ematen. Pirinio Atlantikoko eta Akitania Berriko datuak soilik eskaintzen dituzte.

Franck Dolosor ETBko kazetariak bildutako informazioaren arabera, COVID-19 gaitzaren ondorioz, 20 lagun hil dira Baiona eta Paueko ospitaleetan eta 267 Akitania Berrian.

Maiatzaren 11ra arte luzatuko da konfinamendua Ipar Euskal Herrian, Frantziako Errepublikako presidenteak jakinarazi duenez. 

Gainera, maiatzean test gehiago egingo dituztela eta herritarren artean maskarak banatuko dituztela agindu du.

Heriotzen gorakada txikia Espainian

COVID-19arekin kutsatutakoak 213.024 dira Espainian, hau da, asteazken honetan baino 4.635 gehiago, Osasun Ministerioak argitaratutako azken datuen arabera. Guztira 22.157 pertsona hil (440 azken 24 orduetan), eta 89.250 sendatu dira (3.335 alta eman dituzte ostiral honetan).

Hala, heriotzen kopuruak gora egiten jarraitzen du, azken egunetan bezala, orduan 435 eta 430 heriotza izan baitziren. Positiboetan, gorakada handia izan da atzoko datuekin alderatuta (4.211).

Sendatutakoen kopurua asteazkenean izandako datuaren antzekoa da: 3.401. Espainian epidemia hasi zenetik, 34.355 pertsona kutsatu dira.

Koronabirusa zuten 440 pertsona hil dira espainiar Estatuan azken orduetan
Koronabirusa zuten 440 pertsona hil dira espainiar Estatuan azken orduetan
Koronabirusa zuten 440 pertsona hil dira espainiar Estatuan azken orduetan

Bestalde, Espainiako Gobernuak jakitera eman duenez, 14 urte arteko haurrak kalera atera ahalko dira datorren igandetik, apirilaren 26tik, aurrera paseatzera,  elkarrekin bizi diren heldu batekin batera, ordubetez eta etxetik kilometro bateraino, gehienez. 09:00etatik 21:00etara atera ahal izango dira. Adingabeek jostailuak eraman ahalko dituzte kalera, baita pilotak eta patineteak ere.

Haurrak egunean ordubetez atera ahal izango dira kalera, 09:00etatik 21:00etara
Haurrak egunean ordubetez atera ahal izango dira kalera, 09:00etatik 21:00etara
Haurrak egunean ordubetez atera ahal izango dira kalera, 09:00etatik 21:00etara

2:23

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu. Era berean, zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, edo eta garraio publikoa erabiltzen baduzu. Dena dela, horien erabilera ez da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Eusko Jaurlaritza Espainia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Osasun albisteak Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa