Gizartea -
KORONABIRUSA
Udan EAEn ekitaldiak egiteko baldintzak maiatzaren 10ean jakinaraziko dituzte
EAEko erakundeek "irizpide argiak" adostuko dituzte, "kultur eta jai ekitaldiak antolatzeko eta garatzeko baldintzak eta mugak zehazteko".
AGENTZIAK
EAEko erakundeak herriko jaiei eta koronabirusaren aurretik programatuta zeuden ekimen soziokulturalei buruzko dokumentu bat lantzen ari dira, maiatzaren 10ean ekitaldi batzuk egiteko baldintzak publiko egin ahal izateko, nahiz eta jakitun diren "asko" ezin izango direla egin.
Erakundeen arteko akordio bat lortzen denean, plan hori kultur eragileekin kontrastatuko da, eta haren planteamenduek osasun eta segurtasun publikoa bermatzea izango dute "lehentasun".
Iñigo Urkullu lehendakaria konfinamenduaren malgutzea aztertzeko lan bilera batean izan da ostegun honetan, Ramiro Gonzalez, Unai Rementeria eta Markel Olano Gasteizko, Bizkaiko eta Gipuzkoako ahaldun nagusiekin, Gorka Urtaran Eudeleko presidente eta Gasteizko alkatearekin eta Juan Maria Aburto eta Eneko Goia Bilboko eta Donostiako alkateekin, hurrenez hurren.
Bileran, lan-dokumentu bat aurkeztu dute, Euskadin uda honetarako programatuta zeuden ekitaldi kulturalei, jai herrikoiei eta bestelako ekimen soziokulturalei buruzko lehen ikuspegi bat partekatzeko, Eusko Jaurlaritzak jakitera eman duenez.
Erakundeetako ordezkariek maiatzaren 10erako "ziurtasun-horizontea" eskaini nahi dute, "ekitaldi horietako batzuk egin ahal izateko eman beharko liratekeen baldintza zehatzen inguruan, jakitun izanik asko ezin izango direla ospatu".
Osasuna bermatzea
Nolanahi ere, "lehentasuna osasun eta segurtasun publikoa bermatzea" izango dela uste dute. Hori dela eta, "irizpide argiak" adostuko dituzte, "kultur eta jai ekitaldiak antolatzeko eta garatzeko baldintzak eta mugak zehazteko".
Dokumentu hori erakunde publikoen artean adostu ondoren, kultur eragileekin kontrastatuko dute. Uda honetan kultur eta jai ekitaldiak egiteko aukerak argitzea du helburu.